Jon Ormazabal
Interview
Jon Zabala
Puntista

«Gauza hauek duela gutxira arte amestu egiten genituen eta oraindik ez dut ondo-ondo sinisten»

Aspaldiko unerik onena ari da bizitzen zesta punta, Markinako Grand Slameko finalerako Uni-a txiki geratu da eta pantaila erraldoi bat jarriko dute sartu ezingo diren zaleentzat. Egun oso berezia izango da kirol honen beste aurpegia ere oso gertutik bizi izan duen atzelariarentzat.

Jon Zabala.
Jon Zabala. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Markinar batentzat, Karmen egunean final bat jokatzea baina gauza hoberik gutxi egongo dira, ala?

Bai, gauza ederra da, txapelketan ginen markinar denek nahi genuen, bai ala bai, bertan egotea eta nik zortea izan dut Aritz eta biok heldu garela.

Finalerdietan ondo sufrituta, gainera.

Bai, kosta zen partida aurrera ateratzea. Lehen seta nahikoa ondo joan zen, baina gero eurak oso ondo hasi ziren jokatzen, guk ez genuen gure mailarik onena eman eta, egia esan, zorte apur bat izan genuen, arerioen huts batzuei esker pasatu ginen. Zortea izan zen gehiago gure gaitasuna baino.

Sufritzea ez da berria zuretzat, zure ibilbidean nahikoa kalamidade pasatakoa zara aurretik.

Bai, kostata izan da, orain arteko zortea bestea izan da gehiago, txarra, eta aspaldian bolada ona izaten ari naiz; orain, ahal den guztia eman behar ahalik eta gehien luzatzeko.

Duela urte batzuk orain bizitzen ari zarena biziko zenuela esan balizute?

Sekula ez nuen halakorik espero, aurreko urtean ere lagunekin berbetan esaten genuen itzela izango zela neguan partidak jokatu eta finalak jokatzen aritzea, Donibane Lohizunen, Markinan... gauza hauek duela ez asko amestu egiten genituen eta oraindik ez dut ondo-ondo sinesten bizitzen ari naizena, baina gustura eta disfrutatzen.

Zu, profesional hasi, Filipinetan hasi zinen, ia azken aukera bat bezala.

Bai, Filipinetara gaztetan joan nintzen, ez neukan beste ezer eta, gaztea nintzenez, probatzera kanpora joan nintzen, esperientzia bizitzera, baina beti Ameriketara heltzera begira. Azkenean AEBtara joateko aukera izan nuenean ere zorte txarra izan nuen, bisa  kontua ere amaitu zen eta bueno, orain Euskal Herrian. Ikusten da jendea gogoz dabilela, beharra ondo ari direla egiten antolatzaileak eta denok ari garela gure partetik dena jartzen; gozatu bat da honen parte izan ahal izatea.

Marka da, AEBtan Trump sufritu behar izan zenuenetakoa ere izan zinen.

Bai, berez oporretara etorri nintzen, bisak kendu zituen eta sekula ezin izan nuen berriz ere Ameriketara itzuli, kolpe gogorra izan zen, Egun batetik bestera ametsa amaitu zen. Baina pentsatu nuen hari begira egon ordez hurrengo urratsa zein izango zen aukeratu eta harekin aurrera egitea.

Ia gutxien espero zenuenean zurrunbilo eder honen erdian aurkitu duzu zure burua.

Gauzak borobil irteten dabiltza, momentu onenean suertatu da. Winter Seriesak sekulako bultzada eman dio zestari eta niri, pertsonalki, hori irabazteak ate asko ireki dizkit aurtengo denboraldian fijoetako bat izateko, Iparraldeko aukerak izateko... Dena momentu honetan etorri zait.

Zuk ere zurea ondo egingo zenuen, ala?

Bai, aurrelaririk onena tokatu zitzaidan, baina egia da harekin tokatuta ardura handia ere badela, gauzak ondo egin behar nituela, bestela badakizu, Aritzek galduta atzelariaren kulpa izango zela gutxi gorabehera. Nik nire beharra ahalik eta ondoen egin nuen, Aritzekin jokatzeak beti errespetua ematen du, maila handia egon zen eta handia izan zen.

Gernikakoren ondoren, uda ere sekulakoa dator, aprobetxatu behar.

Bai, Markinan ere publikoaren aldetik erantzuna oso ona izan da. Donostian ere, espero baino hobea. Finalean ere, bete ez bazen, betetzetik gertu izango zen eta orain, ziur, Gernikan berriz ere ikusiko dugula Winter Seriesean ikusi genuena, gutxienez. Frontoiak beteta partida guztietan, jendea pilota gosez da-eta.

«Finalerako sarrerak lehen egunean saldu ziren, nork jokatuko zuen jakin gabe eta hori seinale ona da, jendeak zesta ikusi nahi du»

Nola bizi izan da Markinan txapelketa hau?

Markinan zesta oso garrantzitsua izan da, pilotari asko gaude. Urte pila bat daramagu komentatzen Grand Slam bat merezi duela Markina moduko herri batek eta pentsatzen dut publikoaren partetik erantzuna oso ona izan dela, jendea gogoz zegoen halako txapelketa bat gure herrian ikusteko eta partida denetan egon da jende pila bat. Finalerako sarrerak lehen egunean saldu ziren, finala nork jokatuko zuen jakin gabe, eta pentsatzen dut hori seinale ona dela; jendeak zesta punta ikusi nahi du, ez doaz soilik betikoak –Goikoetxea edo Erkiaga– ikustera, zesta punta ikustera doa eta hori seinale ona da etorkizunerako, zaletasuna dagoela.

Etorkizuna orain nola ikusten da?

Nik ondo ikusten dut, gure hurrengo eginbeharra gazteei irteera ematea da, ze betiko izenak ez dira betiko egongo eta pentsatzen dut gazteek ikusten dutela badagoela mugimendurik Euskal Herrian.

Publiko artean jende gazte asko ikusten dugu, pilota eskolak eta nola daude?

Bai, Markinan gazte pila bat dabiltza, Berriatuan, Gernikan, Hondarribian... ere bai. Niri pertsonalki ume pilo bat etorri zaizkit euren idoloa naizela esan eta autografo eta argazkiak eskatuz eta hori seinale ona da, polita da.

Eta nola daramazu famatu izate hori?

Beno, ni ez naiz kontsideratzen famatu, umeak etortzen badira nik eskertu egiten dut. Horrela etortzea gauza ederra da eta ahal dela, detaile bat izan behar da haiekin, autografoa eman edo berba egin eurekin, gertutasuna ematen saiatzen naiz, ez naiz kontsideratzen beste munduko ezer, baina hor nago orain momentuan eta atentzioa deitzen didate.

Finalera itzulita, nolako partida espero duzu?

Oso gaitza. Olharan-Etchetok finalerdian oso ondo jokatu zuten, erakutsi zuten euren jokoa. Etcheto oso enkantxatua ikusten dut. Gure aurka ligaxkan partida oso gogorra izan zen, 14-15 set bietan, gero 3-5 irabazi genuen baina detaile txikiengatik, eta horiek alde edo kontra etorri ahal dira edozein momentuan. Guk ere partida serioa jokatu beharko dugu aurre egin nahi badiegu.

Zestaz aritzeaz gain, tailer batean lanean ari zara, nola eramaten da hori?

Bai, ez da erraza izaten biak uztartzea, gero aparte entseguak, gimnasioa-eta ere egin behar izaten dira baina azkenean gure afizioa hauxe da eta aurrera egin behar da. Ea etorkizun batean zestatik bakarrik bizi ahal diren gure atzetik datozenak, baina gaur egun lana egin behar da.

Gero esan beharra daukat nire enpresak nahiko erraztasun ematen dizkidala; jai egunak, orduak... eta alde horretatik eskertzekoa da enpresak kontuan hartzen duela eta momentu batzuetan egun edo ordu libre batzuk behar baditut, ematen dizkidala.

Atzetik datozenak aipatu dituzu, zuek biziko duzue?

Oraindik gaitza ikusten dut, nork daki. Gernikakoa ere gaitza ikusten nuen gertatu zena gertatzea eta nahiago nuke, epe motz batean, hori errealitatea bada. Baina lanean jarraitu behar dugu eta ziur urteekin, giro honek jarraitzen badu, egongo direla aukerak, guretzat ez bada besteentzat.