NAIZ

Mugak Zabalduz karabanak Gurseko kontzentrazio zelaian atxikitako errepublikarrak omendu ditu

Mugak Zabalduzek Gurseko kontzentrazio zelaian geldialdia egin du igande honetan, ‘Pirinio-Alpeak 2022’ karabanako hirugarren etapan. Karabanak Gursen kartzelaratutako 6.500 errepublikanoak omendu ditu, horietariko asko euskal herritarrak.

Gurseko hilerria.
Gurseko hilerria. (@Caravana_AF)

Mugak Zabalduz pertsona migrante eta errefuxiatuen eskubideen aldeko karabanak Gurseko (Bearne) kontzentrazio zelaian geldialdia egin du ‘Pirinio-Alpeak 2022’ ekimenaren hirugarren etapan, igande honetan. Hori horrela, 1939ko apiriletik 1940ko maiatzera bitartean, kontzentrazio zelaian atxikitako 6.500 errepublikanoei omenaldia egin diete. Bertan baldintza jasangaitzetan giltzapetutako asko euskal herritarrak ziren.

Francoren Estatu-kolpearen eta ondorengo gerraren testuinguruan, muga zeharkatu zuten euskal erbesteratuak izan ziren Gursen estreinako urtean atxikitako gehienak. Ondoren, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin eta frantziar Estatua okupatu zutenean, kontzentrazio zelaia 14.000 judutar inguru kartzelaratzeko erabili zuten, horietatik 3.000 baino gehiago, gerora, Auschwitzera eramateko.

Bisitari Josu Txueka historialari nafartarra eta ‘Gurs, el campo vasco’ liburuaren egilea batu zaio ekintzaleei kontzentrazio zelaian zehar bisita gidatu bat eskaintzeko eta bertan gertatutakoa xehetasun handiz azaltzeko.

Jarraian, Mugak Zabalduz karabanak sare sozialetan erakutsi duenez, ekintzaileek Gurseko hilerria bisitatu dute, zeinak 1.171 hilobi dituen orotara.

Gurseko bisita amaitu ostean, karabanak Bielsarako bidea hartu du. Bertan eskaintza bat egingo diote erbeste errpublikarrari ‘Coro de la Rojinegra’-ren laguntzarekin.

Ondoren, migrazioaren inguruko mahai inguru batez eta ‘Os gaiters d’a Terra plana’ taldearen kontzertuaz gozatuko dute astelehen goizean Perpignanerantz joateko.

Ekimenaren lehenengo bi jardunaldiak Euskal Herrian izan dira, Irunen, mugan eta Baionan geldialdiak eginez.