NAIZ
Donostia

Lau sexu eraso izan dira Donostian azken egunetan eta bi gizon atxilotu dituzte

Donostian azken egunetan lau sexu eraso salatu dira eta horien ondotik, Udalak elkarretaratzea deitu du astearte honetan, eguerdian. Biktimetako bat bere bikoteak erasotua izan zen eta beste bati aldiz ezazagun batek etxeko atarian egin zion eraso, Erdialdean. Bi erasotzaileak atxilotuak izan dira.

Donostiako Udalak sexu erasoen aurrean egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean.
Donostiako Udalak sexu erasoen aurrean egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek aho batez gaitzetsi dituzte azken egunetan hirian salatu diren lau sexu erasoak. Egoeraren larritasunaren aurrean, adierazpen instituzional bat eman du aditzera astelehen honetan Udalak eta, bide batez, elkarretaratzeko deia luzatu die hiritarrei astearte honetan, hilaren 19an, 12.00etan, udaletxearen aurrean.

Biktimei zein haien familiei babesa agertzeaz gainera, haien eskura jarri dituzte beharrezkoak lituzketen zerbitzuak eta bitartekoak.

Lehen erasoa ostegunetik ostiralerako goizaldean gertatu zen. Ertzaintzak 47 urteko gizon bat atxilotu zuen, bikotekideari sexu erasoa egiten saiatzeagatik eta tratu txarrak etengabe emateagatik.

Bigarren erasoa ostiraletik larunbaterako goizaldean gertatu zen. Udal iturriek azaldutakoaren arabera, 06.30ak aldera, 31 urteko emakume bati eraso egin zion ezezagun batek bere etxera iritsi zenean, Erdialdean, Urbieta kalearen inguruan. Erasotzaileak ukituak egin zizkion emakumeari eta bere burua defendatu nahian erasotzailearekin borrokan aritu zen. Ondorioz, biktima zaurituta eraman zuten ospitalera.

Handik gertu zegoen Udaltzaingoaren patruila batek gertatutakoaren berri izan eta erasotzailea atxilotu ahal izan zuen. 26 urteko gizonezkoa ertzain-etxera eraman zuten ondoren epailearen esku utziz eta, hark, espetxeratzeko agindua eman zuen.

Beste bi erasoak Donostiako Karmengo jaien baitan jazo eta salatu dira. ‘Irutxuloko hitza’-k aditzera eman duenez, larunbat gauean bi emakumek eraso sexistak salatu zituzten kaian bertan ordu eta erdiko tartean.

Bi gizonezko «ukituak egin eta ingurukoak molestatzen» aritu ziren eta horregatik, jaietako brigada feministak kanporatze protokoloa jarri zuten martxan. Adierazi dutenez, bi gizonek erresistentzia egin zuten eta lan «zaila» izan zen.

«Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztik gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde», jaso du Udalak, adierazpenean.

Atxilotu bat Gasteizen

Bestetik, Gasteizko Udaltzaingoak 45 urteko gizon bat atxilotu du, bikotekidea besoetako batean beirazko botila batekin jo eta zauritzeagatik.

Gertakariak astelehen honetako goizaldean jazo dira, Arabako hiriburuko Prado kaleko etxebizitza batean. Biktimak udaltzaingoari jakinarazi dionez, bikotekideak botila batekin eraso egin dio besoan eztabaidan ari zirela.

Bertaratutako agenteek handik gutxira atxilotu dute gizonezkoa.