Pello Otxandianok, EH Bilduko programa zuzendariak, prentsaurrekoa eskaini du Donostiako Igarako egoitzan. Bertan, irailaren amaieran, koalizioak aurkeztuko duen proposamen baten berri eman du, alderdi politiko, erakunde, sindikatu eta patronalekin batera ongizate itun bat lortzeko neurrien dekalogo bat.
«Pandemia eta aparteko testuinguru ekonomiko» batean bizi garela aipatu du Otxandianok eta, horren aurrean, «erantzunkizun handiena» eskatu du. Azken hilabeteetan «aringarri» bezala definitu diren neurriak hartzea defendatu dutela ekarri du gogora EH Bilduko kideak, baina «hasieratik esan dugu ez zela nahikoa eta azterketa bat jarri genuen martxan», gehitu du.
«Ez gaude krisi koiuntural baten aurrean. Konbultsio ekonomiko handiko garai batean gaude. Neurri estrukturalak behar dira, aringarriekin batera. Etorkizuna prestatu behar da eta ziurgabetasun handiko egoera baten aurrean egonda, herri erresilentzia indartu behar da», baieztatu du Otxandianok. Zentzu horretan, martxoaren 30ean aurkeztutako "Euskal eredua" proposamena ekarri du gogora, non bost «herri erronka» identifikatu zituzten. «Horrekin batera, eraldaketa horiek behar duten gutxieneko bezala, aberastasuna sakonki banatu behar da. Aberastasunaren metaketa bat gertatzen ari da 2008tik».
Eta metatze hori areagotzen ari dela iritzi du EH Bilduk, «inflazio handiaren ondorioz». «Prozesu hori eten egin behar da. Herri gisa, etorkizunari eusteko eta gizarte hausturak gertatu ez daitezen, ongizate baldintza materialak landu behar dira. Gogoeta bat egin behar da inflazioaren inguruan eta honi aurre egiteko politiken inguruan», baieztatu du.
Inflazio handiaren arrazoi nagusi gisa aipatu ditu Ukrainako gerra eta baliabide fosilen merkatua. «Konponbide nagusia energiaren prezioak kontrolatzea litzateke. Espekulazioa dela-eta garestitzen ari diren produktuen prezioak kontrolatzea». Horretarako, sektore publikoaren «eskuhartze irmo bat» eskatu du. «Soldatei eustea helburu duten politika horiek ez dute balio inflazioari aurre egiteko. Akatsa da» eta trantsizio ekologikoa «giltzarritzat» definitu du.
«Bada garaia kontuan hartu nahi izan ez diren neurriak mahai gainean jartzeko. Hurrengo hilabetetan erantzunkizun ariketa bat, ongi-izate itun bat egiteko saiakera bat egin behar dugu. Gertaeren zain geratu gabe, aurre hartuz eta errealitate berriak sortuz. Alderdi politiko, erakunde, sindikatu eta patronalen arteko erantzunkizun akordio bat, akordio sozial handi bat», berretsi du. «Espainiako errenta erregresiboen aurrean, ongi-izate itun handi bat».
Irailaren amaieran EH Bilduk oinarrizko proposamen bat aurkeztuko du, neurrien dekalogo bat. Proposamen horretan, aurreratu duenez, enpresa energetikoen ezohiko irabazien gaineko zerga egongo da. «Horrek planteatzen duen bidea urrats sendoz egin behar da» eta gogora ekarri du «herri honek badaukala autonomia fiskal bat» eta «ez dugu zertan Espainiatik datorrenaren zain egon behar bide hori pentsatzen hasteko».