NAIZ
Paris

Argindarraren prezioak gora egingo du berriro neguan Europan, IEAk ohartarazi duenez

Argindarraren prezioak garestitu egingo dira berriro ere heldu den neguan Europan, batez ere Britainia Handian, Alemanian eta frantziar Estatuan, Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) ohartarazi duenez.

Open Grid Europe (OGE), gasa zabaltzeko Europako sistemare instalazio handienetakoa Wernen, Alemanian.
Open Grid Europe (OGE), gasa zabaltzeko Europako sistemare instalazio handienetakoa Wernen, Alemanian. (Ina FASSBENDER | AFP)

Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) argindarraren prezioari buruzko txostena kaleratu du asteazken honetan eta bertan Ukrainako inbasioak Europarentzat izan dituen ondorioak aztertzen ditu, kontuan hartuta Europak Errusiarekiko duen menpekotasuna energia alorrean. Izan ere, kontsumitzen duen gasaren ia %30 Errusiatik dator, petrolioaren %20 baino gehiago eta ikatzaren %12.

Erreferentziatzat hartzen den eta 100 puntuko oinarria duen 2016 hasierako indizearen arabera, prezioak frantziar Estatuan eta Alemanian dagoeneko hamar aldiz garestiagoak dira (1.000 puntu). Baina IEAk ohartarazi duenez, salneurrien igoera are handiagoa izango da datorren neguan; ordurako espero da gas horniduran arazoak izatea Errusiak Europari bere iturriak erabat ixten dizkiola baieztatzen bada.

Txostenaren egileek aurreikusi dute frantziar Estatuan hemendik urte bukaera arte prezioak hirukoiztu egingo direla (3.000 puntura arte); Alemanian, berriz, bikoiztu egin litezke (ia 1.750 puntu).

2023rako, berriz, bi herrialde horietan urteko lehen hilabeteetan prezioek jaitsi egin beharko luketela aurreikusten du baina urteko bigarren zatian berriro garestitu, eta 1.500 punturen bueltan bukatu, hau da, 2016ko hasieran baino 15 aldiz garestiago.

Britainia Handian, agentziaren arabera, egungo 500 puntuko mailatik urteko laugarren hiruhilekoan 1.250 puntura igaroko da argindarraren salneurria; datorren urteko bigarren zatian, berriz, 750 puntura jaitsiko da.

Estatu espainiarrari dagokionez, bestelako eboluzioa aurreikusten du IEAren txostenak. 2022ko lehen hiruhilekoan prezioek goia jo zuten eta 2016ko hasierako indizearekin alderatuta 7,5 aldiz garestiago egon ziren prezioak. Orain behera egin dute, iberiar penintsulan gasaren salneurriari topea ezartzearekin batera. 

Hala ere, IEAren adituek uste dute mekanismo hori ez dela nahikoa gardena: «Energiaren benetako kostuak ez dira erabat agerikoak, gas instalazioei ordaindu egin behar zaielako», adierazi du. Beraz, eta auzi hori argitzeko dagoela, 2022ko bukaeratik eta 2023an zehar Estatu espainiarrean prezioek berriro gora egingo dutela aurreikusten du eta 2016an baino zazpi aldiz garestiagoak izango direla.

Gasa eta ikatza

Energiaren Nazioarteko Agentziak jaso duenez, ikatzaren prezioak ere izugarri egin du gora aurtengo lehen sei hilabeteetan: 281 tona batez beste, erreferentziatzat hartzen den 2017-2021 laurtekoan baino laun aldiz gehiago.

Urteko bigarren seihilekoari begira ere gasak nahiz ikatzak gora egingo dutela aurreikusi du, %58 eta %20, hurrene hurren. Igoera horren ondoren, 2023an gasa %7 eta ikatza %18 jaitsiko direla iragarri du.