NAIZ

Amaiurtik eta Bidarraitik pasatu ostean, Lapurdira sartu da EuskarAbentura 2022

Lapurdira sartu zen asteazkenean, Amaiurtik eta Bidarraitik pasatu ostean. Bizarritz eta Urruña arteko distantzia oinez osatu zuten ostegunean, eta atseden-eguna izan dute ostiral honetakoa Urruñan bertan, larunbatean Lezorantz abiatu aurretik.

Talde argazkia ere atera zuten gazteek Amaiurren.
Talde argazkia ere atera zuten gazteek Amaiurren. (EuskarAbentura)

Beroteak geldirik eduki zuen EuskarAbentura pare bat egunez, Lesakan. Baina uztailaren 19an, tenperatura jaistearekin batera, bideari ekin zioten berriro ere espediziokideek, eta Zugarramurdi eta Amaiur arteko 20 kilometroak oinez osatu zituzten. Eguerdi partera iritsi ziren etaparen helmugara eta, beraz, Amaiurko Gazteluaren sitioaren 500. urteurrenean bertan izan ziren jzioquitarrak.

Bazkalostean, gazteluaren hondarretara igo ziren eta, monolitoaren aurrean eserita, Asisko Urmeneta ilustratzailearen ahotik entzun zituzten Nafarroaren eta Euskal Herriaren historian mugarri izan ziren gertakari haien gakoak; eta talde argazkia ere atera zuten, egun berezi honen oroigarri gisa.

Asteazkenean, goizeko 4.00etan jo zuen iratzargailuak Amaiurko frontoian. Kopetako argiak piztuta, motxilak bizkar gainean hartu eta 4.20ak inguruan abiatu ziren. Kontrabandisten antzera, gauaren iluntasunean zeharkatu zuten Nafarroa Garaiaren eta Baxe Nafarroaren arteko muga eta, nolabait, euren azalean sentitu zuten gauez, zama gainean hartuta, mendian gora eta behera ibiltzea zer den.

Zeharkaldiak Amaiurtik Bidarraira eraman zituen, Iparla mendia begibistatik galdu gabe. Bidarrain bazkaldu zuten, eta bertan egin zuten, baita ere, hitano tailerra Ritxi Lizartza zinema ekoizle eta euskaltzalearen eskutik. Biharamunean elkarri hika aritzeko gonbitea luzatu zien Lizartzak gazteei, nahiz eta hanka sartu edo hitanoari ostikoak eman; lotsa galdu eta lehen hurbilpen bat egiteko eguna.

Arratsaldearen amaiera aldera, espedizioak trena hartu zuen Baionara, eta beraz, taldeak Lapurdi zapaldu zuen lehenengo aldiz, Gaua hiriburuan igaro zuten, ostegunean Jzioquitarrek autobusa hartu zuten Miarritzeraino, eta bertatik abiatu ziren kostaldeko bidean aurrera. Bidarte, Getaria, Donibane Lohizune eta Ziburutik igaro ziren Zokoara iritsi aurretik.

Kantauri itsasoa ikusi zuten lehenengoz abentura hasi zenetik. (EuskarAbentura)

Egun eguzkitsua izan zen atzokoa, hondartzak nahiz inguruko jantoki eta terrazak jendez lepo zeuden, eta espediziokideak harro pasatu ziren guztien begiradapean. Zokoan bazkaldu zuten gazteek, eta handik berrekin zioten bideari, beste ordubetez oinez Urruñara ailegatu arte.

Ostiral honeran Urruñan igaro dute eguna, atsedena hartuz, ez baitute oinezko etaparik egingo. Hala ere, ekintzaz beterik joan da eguna: goizean Euroeskualdeko ordezkariak hurbildu dira pilotalekura jzioquitarrekin ordu pare bat pasatzera. Jolas-ginkana bat egin dute eta Marie Heguy-Urain misio kargoduna pozik agertu da espediziokide gazteak «oso motibatuta» ikusi dituelako. «Kuraia on!», esan die, eta azken txanpan indartsu segitzera animatu ditu.

Meme-tailerra ere egin dute taldeka antolaturik. Iametza-k garatu duen Memeka.eus webgunea baliatu dute horretarako. Eta, arratsaldean, Euskal Irratiak sareak martxan duen 'Ongi Etorri Lagun' txapelketa radiofonikoan hartu dute parte. Antxeta Irratiaren estudio ibiltaria hurbildu dute Urruñako frontoira, eta bertatik aritu dira norgehiagokan.

Gipuzkoara

Larunbat honetan, uztailak 23, oinezko bideari berrekingo diote, eta Gipuzkoara sartuko da EuskarAbentura 2022 espedizioa. Urruñan hasi eta Hondarrabian bukatuko dute etapa; bertan Urtantak kontzertuarekin bat egingo dute, eta Xabi Solanoren zuzenekoaz gozatuko dute. Egunaren amaieran trena hartuko dute Lezora heltzeko.

Igandean Donostiara iritsiko dira gazte espediziokideak; handik, hurrengo egunean, Zarautzera. Eta aurrerago Zestoa, Getariara... Urola Kostan murgilduko da espedizioa.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 16-17 urte bitarteko 128 gazte euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da EuskarAbentura. 2018ko eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, EuskarAbentura izeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta.

2020an, aldiz, pandemiak galarazi zuen, eta 2021ekoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean. Baina 2022an EuskarAbenturak jatorrizko izaera berreskuratu du, eta ibiltaria izaten ari da berriro ere. Hilabetez, uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatuko dute 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago orotara, horietako 500 oinez.