NAIZ

Sareren bizikleta martxa Etxarritik abiatu da presoen eskubideak aldarrikatuz

Presoen eskubideen alde eta salbuespen espetxe politikaren kontrako mezua Etxarritik abiatu da gaur goizean, Gasteiz eta Durangorako bidea hartu duelarik. Sarek antolatzen duen bizikleta martxa igandean bukatuko da Donostian.

Etxarritik atera da Sareren bizikleta martxa, Gasteizerako norabidean.
Etxarritik atera da Sareren bizikleta martxa, Gasteizerako norabidean. (Idoia ZABALETA)

Etxarritik abiatu da gaur goizean Sarek antolatu duen bizikleta martxa. Bosgarren edizioa da aurtengoa, eta aurrekoetan bezala euskal presoen eskubideen errespetua aldarrikatzea du helburu nagusi.

 

Silvia Marañon Etxarri Aranazko alkateak ongi etorria egin die ekimen honetan parte hartzen ari direnei. Salbuespen legediarekin amaitzea eta preso guztien herriratzea atzerapen gehiagorik gabe eman behar direla nabarmendu du. Emandako aldaketek oraindik ere bide luzea dutela egiteko gaineratu du. «Baina bidean gara eta gertu gaude», esan du.

Gasteizerako bidea hartu dute bizikleta martxan parte hartzen ari direnek, etaparen amaiera Durangon izango dutelarik, Arabako lurretatik pasa ondoren. Larunbatean, Durango eta Azpeitia arteko ibilbidea egingo dute. Bizikleta martxaren azken etapa igandean izango da Azpeititik atera eta Donostiara helduko direlarik. Gipuzkoako hiriburuan ekimen honi amaiera emateko ekitaldia egingo dute eta luntxa izango dite bertara hurbiltzen diren guztiak.

Bizikleta martxa ez da Sarek uda partean antolatzen duen ekimen bakarra. Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak deitu dituzte ere. Iruñean, ekainaren 18an egin zuten manifestazioa. Hurrengo zitak abuztuaren 3an Gasteizen (18.00, Bilbo plaza), 20an Donostian (12.30, Bulebarrean) eta 26an Bilbon (13.00, Eliptika) dira.