Igande honetan matxura izan bada ere, Medgaz gasbidearen bidez Aljeriatik Espainiara doan gas-hornidura ez da momentu bakar batean ere eten, Espainiako Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko Ministerioko iturriek Efe agentziari azaldu diotenez.
Aurretik, Sonatrach hidrokarburoen aljeriar enpresak ohar baten bidez jakinarazi du espainiar Estatura doan gas-hornidura «aldi baterako» eten dutela, eta gaineratu dute talde tekniko espainarrak buru-belarri ari zirela lanean beharrezko konponketak egiteko.
Nolanahi ere, Enagas enpresa espainiarreko iturriek Eferi azaldu diotenez, hornidura ez da inoiz eten, eta ezbeharraren ondorioz mantentze-lanak baino ez dira egin behar izan, bi orduz.
Eguerdian, Beni Saaf de Medgaz konpresio-estazioan ohiko mantentze-lanak egiten ari zirela, Aljeriako lantegitik Almeriako Nazioarteko Konexiora doazen fluxuak eten egin dira une batez.
Horrek Estatu espainiarrera nazioarteko konexio horren bidez sartzeko emariak murriztea eragin du, baina ez etetea; Espainiako aldean, iturri berberek diotenez, ez da inolako eraginik izan horniduraren segurtasunean.
Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak adierazi duenez, akatsak sarrera-fluxuak 200.000 Nm3/h-tik 704.000 Nm3/h-ra jaistea eragin du. Baina ez da inoiz eten, nabarmendu dute Enagasek, eta jarduera berrezarri eta normalizatu da, aipatu iturrien arabera.
Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldatu zuenez geroztik, bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak bereziki tirabiratsuak diren momentu batean jazo dira gertakariok.