«Pilotaz gozatzen ari naiz, ez dut lehiatzearen presioa batere faltan botatzen»
Pilotaria izatea pribilegio bat dela erabat barneratuta, leitzarra ahalik eta zukurik handiena ateratzen ari zaio urrian amaituko den bere kirol ibilbideari. Horrela egin zuen profesionaletan eta horrela ari da gure kirolaren alde ezezagunago batean ere.
Enpresa handien fokuetatik at, pilotan jarraitzen du Oinatz Bengoetxeak, urriaren 5aren buelta horretan gerrikoa betiko erantzi bitartean. Jon Erasun, Ibai Zabala eta Iñaki Lizasorekin Ameriketako Estatu Batuetan zenbait partida jokatu berri hartu du NAIZ Irratia leitzarrak, beti bezain jator, eta azken bidaia horren eta bere udaren berri eman dio.
Zer moduz bizi da bat pilota profesionala utzita?
Profesionala utzi dut, baina pilota ez, eta partida asko jokatzen ari naiz herri txikietan. Eta ongi, nahiko lanpetuta, partida mordoa dut eta.
Eskertu egiten da edo faltan botatzen da profesional mailan lehiatzeak dakarren presio edo exijentzia falta?
Ez. Egia esan, ez dut faltan botatzen. Urte asko eman ditut beste lehenbiziko maila horretan eta presioa ez dut faltan botatzen. Egia esan, pilotan gozatzen ari naiz, aurkari eta bikote berriak, beste mailako batekoak ditut, baina asko ari naiz gozatzen. Oso pozik nabil.
Hain justu Ameriketako Estatu Batuetan izan berri zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ederra izan da. Astetxo bat egon gara, ez da asko, baina asko aprobetxatu dugu. Apirilean Mexikon egon nintzen; astetxo bat egin nuen bertan. Hiru partida nituen jokatu beharra, baina lehenbizikoan min hartu nuen eta beste biak ez nituen jokatu. Esperientzia oso polita izan zen Mexikokoa eta orain Ameriketako Estatu Batuetakoa ere benetan ederra izan da. Zazpi lagun joan gara, lau pilotari eta hiru lagun. Bi partida jokatu ditugu euskal etxeetan, San Frantziskon eta Chinon. Oso ongi zaindu gaituzte, bertako euskaldunekin erlazio polita sortu dugu eta oso gustura hango esperientziarekin.
San Frantziskon, Chinon eta Los Angelesen jendeak ondo erantzun al du?
Bai. Egia esan, jendea joan da gu ikustera; ez gehiegi-gehiegi ere, baina leku bakoitzean 200 bat pertsona bazeuden eta gustura. Gero beraiekin afaltzen egon ginen eta euskal kantu batzuk ere abestu genituen. Asko maite dute Euskal Herria nahiz eta bertan bizi, badira han jaio arren sustraiak hemen dituztenak eta nabaritzen da. Ongi etorri oso ona eman ziguten eta eskertu besterik ezin dugu egin, gehienbat San Frantziskon Toni Uharteri eta Chinon Mike Bidarti. Nik Toni aspalditik ezagutzen nuen, baina Mike ere pertsona dotorea eta euskaltzale handia da, eta oso gustura ibili gara berarekin ere.
Hemen gaude, ni eta bi izar handi 🕺🏻⚾️ pic.twitter.com/YJDByFJKHY
— Ibai Zabala Gandarias (@ibaizabala1) July 12, 2022
Mexikon eta Ameriketako Estatu Batuetan, zaleak bertakoak edo euskal herritarrak zirela esango zenuke?
Mexikon gehienbat bertako jendea zen. Ikaragarri segitzen dute euskal pilota. Mexikon euskal etxe batean egon ginen afaltzen eta hango euskaldunekin ere egon ginen, baina frontoietan gehienbat Mexikoko jendea egoten zen. Mexiko Hiriko euskal etxean zoragarri ibili ginen, eta Ameriketako Estatu Batuetan ere bai: afari goxo-goxoak euskal sustraiak zituen jendearekin, harmonia oso onean.
Bertako gizartea edo kultura zertxobait ezagutzeko astirik izan al duzu? Zer inpresiorekin bueltatu zara bertatik?
Astetxo honetan triangulotxo bat egin dugu. San Frantziskon eta Las Vegasen egun bat egon ginen eta bueltan Bakersfielden geratzeko aukera izan genuen. Mike Bidarten semeak bertan behitegi bat du; kristoren arrantxoa da ikusteko –behiak eta esne behiak maneiatzen dituzte–, eta handik Los Angelesera buelta. Bertan azken bizpahiru egunak lasaiago egon ginen. Asko aprobetxatu dugu, leku asko ikusi ditugu. Autoan ibili gara alde batetik bestera, ordu asko batetik bestera. Monobolumen bat alokatu genuen eta nahiko abentura polita.
Zerbaitek bereziki eman al dizu atentzioa?
Ez, bereziki ezerk. Orokorrean dena oso egokia izan da. Bertako jendeak nola maitatu gaituen, hori oso ederra izan da benetan.
Enpresakide izan zenituen Jon Erasun eta Ibai Zabala izan dituzu zurekin, Iñaki Lizaso afizionatuarekin batera. Lau pilotarik eta beste hiru lagunek osatu duzue taldea.
Bai, hori da. Lau jokatzen aritu gara, eta Arkaitz Esnaola, Beñat Urretabizkaia eta Bixente Artola masajista ere lagun izan ditugu. Ekipo konpletoa.
«Martxotik hona 40 bat partida jokatu ditut eta ia beste hainbeste jokatu beharko ditut urrira bitartean. Abuztuan eta irailean 30 partida ditut, 15 hilabete bakoitzean»
Eta orain, etxera bueltan, nola jarraituko du datozen egunetan zure egutegiak?
Abuztuan eta irailean 30 partida ditut, 15 hilabete bakoitzean. Martxotik hona 40 bat partida jokatu ditut eta ia beste 40 jokatu beharko ditut. Ea minik ez dudan hartzen; uda nahiko gogorra tokatzen zait.
Beraz, pilota profesionala utzi duzu, baina ari zara etenik gabe eman eta eman. Nola ikusten duzu orain pilota profesionala, telebistatik edo frontoitik?
Egia esan, ez dut gehiegi jarraitzerik izan. Alde batetik bestera bueltaka nabil eta denetarako denborarik ez dago, baina ez dut dudarik mailarik onena ematen ari direla. Hor ibiliko dira bizi-bizi, seguru.
Amaitzeko, epe luzera begira pilotari lotuta jarraitzeko asmoa al duzu edo bestelako ofizio-afiziorik bilatu al duzu?
Urritik aurrera irratian hasi behar naiz, Euskadi Irratian komentarista bezala hasiko naiz. Urrian pilota utziko dut eta aukera polita suertatu zait. Egia esan, nahiko ilusioarekin nago. Beraz, larunbatetan eta igandeetan hor arituko naiz pilota komentatzen.