Uztailaren 13an Arkaitzerreka berriro kutsatuta zegoela salatu zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Asteazken honetan ohartarazi duenez, urgentziazko analisien emaitzak «kezkagarriak» dira. Izan ere, uda honetako kutsadura 2020ko maiatzean antzeman zena baino handiago da.
«Orduan zientoka arrain eta aingira azaldu ziren hilda Arkaitzerrekan. Oraingoan horrelako argazkirik ez da ikusi, ziurrenik erreka geroztik ‘erreta’ dagoelako arrainik gabe, baina laborategiko analisiek erakutsi dute oraingoan are kutsadura handiagoa dagoela Arkaitzerrekan», nabarmendu du ohar batean.
Mugimenduak dioenez, kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa) «ezohiko maila altuak» aurkitu dira. «Baina, gainera, gutxienez hiru metal astunen kontzentrazioak askoz handiagoak dira ur edangarriak eraman ditzakeen gehieneko maila baino: Arkaitzerrekan kobreak bikoiztu egiten du urak edateko modukoa izateko behar duen topea eta nikelaren kasuan lau aldiz biderkatzen du», gaineratu du.
Halaber, gogor salatu du Zubietako erraustegiaren martxa eta kutsaduren inguruan agintariek «ezarri duten isiltasuna». «Arkaitzerreka oso kutsatuta agertu zenetik, inolako informaziorik ez dute zabaldu gertakizunaz ez GHK-ko arduradunek eta ez horren jarduera kontrolatu behar duten instituzioek, Gipuzkoako Foru Aldundiak bezala Eusko Jaurlaritzak eta ustez gure ura zaindu behar omen duen Ura agentziak», gaineratu du Usurbilgo Udalak informazioa eman duela gogoratuz.
#arkaitzerreka
— Usurbilgo Udala (@usurbiludala) July 22, 2022
Lehengo asteko isurketaren laginen emaitzak jaso ditu udalak:
ezohiko maila oso altuak topatu dira kloruroetan, amonioan, konduktibitatean, eta DQOn.
Gardentasun eta kontrol mekanismoak eskatu ditu @AgurtzaneSola alkateak.
Albistea: https://t.co/YY5BWhJBwO pic.twitter.com/0Dswb8vGBj
«Eta Gipuzkoako herritarrek, tartean erraustegia ate ondoan sufritzen dutenek, jasotzen dituzten albiste bakarrak herri mugimenduko boluntarioek lortutakoak dira. Agintariak, halakoak ez gertatzeko neurriak eta kontrolak ez jartzeaz gainera, mutu gelditzen dira, edo aukera daukaten aldi oro, herritarron osasunaren aurretik, enpresa pribatuen interesak babestera mugatzen dira», azpimarratu du.
«Horregatik, Errausketaren Aurkako Mugimendutik herritarrei eskatzen diegu adi egoteko, etsipenean ez erori eta jarraitzeko mobilizatzen gure eta gure ondorengoen osasunaren, bizi duinaren, enpleguen eta etorkizunaren alde», esan du.