Jon Ormazabal

Danel Elezkanok aukera bat izango du Bilboko Aste Nagusian Zabaletarekin bikotea osatuta

Altuna-Martija izango dituzte arerio Asperen adarreko final erdian eta Laso-Mariezkurrena eta Urrutikoetxea-Albisu izango dira Baikoko ordezkariak. Eskuzko torneoa abuztuaren 24tik 27ra jokatuko da.

Bilbo erdialdean aurkeztu dute aurtengo Aste Nagusiko pilota feria.
Bilbo erdialdean aurkeztu dute aurtengo Aste Nagusiko pilota feria. (FOKU)

Enpresek izartzat ez dituzten pilotarientzat oso garesti daude aukerak baita aurtengo udan ere, eta etxetik gertu aritzeak behintzat ate bat ireki dio Danel Elezkanori aurtengo Billboko Aste Nagusiko torneoan. Udako Mastersetik eta orain arte aurkeztutako hiriburuetako ferietatik at, abuztuaren 24tik 27ra Bizkaia pilotalekuan jokatuko den ferian aritzeko aukera eman dio Aspek Zaratamokoari Jose Javier Zabaleta atzelari duela. Etxarrengo pilotariarekin torneo honetan aritzea ez da ezer berria bizkaitarrentzat, harekin jokatu eta irabazi baitzuen Asegarce utzi eta Asperekin jokatu zuen lehen torneoa 2016an, 2018an ere txapeldun irten ziren eta frontoi honetan bertan irabazi zuten 2021eko Binakako txapelketa nagusiko finala.

Abuztuaren 25ean jokatuko dute Asperen adarreko finalerdia egungo Binakako txapeldunak diren Jokin Altuna eta Julen Martijaren aurka. Torneoa, ordea, egun bat lehenago hasiko da Baikoren adarreko finalerdiarekin. Bertan, azkenean Iruñean elkarrekin aritzeko aukerarik izan ez zuten Laso-Mariezkurrenak bikotea osatuko dute Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisuren aurka. Finala abuztuaren 27rako dago iragarria eta jaialdi hauek guztiak 18.30etan hasiko dira.

Osagarriak

Bilboko feriak, ordea, izango ditu beste osagarri batzuk; eskuzko Bizkaia Torneoaren finala eta pala torneoa esaterako. Pala izango da hasten lehena, abuztuaren 21ean eta 23an Aste Nagusiko torneo bat jokatuko baita Miribillako pilotalekuan. Eskuzko Bizkaia Torneoaren finalari dagokionean, ordea, astelehenez jokatuko da, abuztuaren 22an. Anboto (Peña II.a lau eta erdian, Urrutikoetxea-Mariezkurrena, eta Alberdi buruz buru) eta Gorbeia (Dario kaiolan, Altuna III.a-Martija eta Salaberria buruz buru) taldeek jokatuko dute lehen kanporaketak ekain erdialdean jokatu ziren txapelketa honen finala.