NAIZ

Usurbilgo tren geltoki berria zortzi milioi euro kostako da

Lakuako Gobernuko Garraio Sailak zortzi milioi euroko inbertsioa egingo du Usurbilgo tren geltoki berria eraikitzeko. Bi trenbide-pasaguneak kendu eta N-634 gainetik pasabide berria egingo da. Izapideak ondo bidean, lanak urte bukaera baino lehen hasi daitezkeela aurreikusten du.

Usurbilgo egungo tren geltokia.
Usurbilgo egungo tren geltokia. (ETS)

Lakuako Gobernuko Garraio Sailak zortzi milioi euro inbertituko ditu Usurbilgo tren geltoki berria eraikitzeko, astearte honetan ohar batean berri eman duenez.

Azaldu duenez, trenbide-pasagune bi kenduko ditu eta N-634 errepidearen gainean pasabide berri bat eraikiko du, hirigunearen eta trenbideko instalazioen arteko lotura hobetzeko eta Ingemar industrialdearekin iragazkortasuna hobetzeko.

Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio mahaiak proiektu honen lizitazioa onartu du bere azken bileran. Lanak egikaritzeko epea 30 hilabetekoa da eta 8.065.063,97 euroko oinarrizko aurrekontua dute. Administrazio izapideak aurreikusitakoaren arabera egiten badira, geltokiaren obrak urtea amaitu baino lehen hasiko direla kalkulatzen du ETSk.

Tren geltokia Usurbilgo erdigunearekin lotzeko pasabidetik hurbilago dagoen kokaleku berri batean eraikiko da. Horretaz gain, sarbideak eraberritzea, geltokiaren ingurua urbanizatzea eta trenbideak berriztatzea ere jasotzen da egitasmoan.

Lanak amaitutakoan, geltokia bi trenbide zuzenek eta amaieran topea duen bazterbide batek osatuko dute. Gainera, alboko bi nasa jarriko dira zirkulazioko trenbide nagusi bakoitzerako.