NAIZ

Athleticek garaipenarekin estreinatu du udara Superkopa prestatzen ari den Bragaren aurka (4-0)

Iraia Iturregik bi hamaikako erabili ditu denboraldi aurreko lehen partidan eta golegileak 17 urteko Sara Ortega, Ainize Barea “Peke”, Yurema Corres eta Garazi Murua izan dira, azken honek penaltiz lortuta.

Atheticek ondo eutsi dio Bragari eta udako lehen lagunartekoa irabazi du.
Atheticek ondo eutsi dio Bragari eta udako lehen lagunartekoa irabazi du. (ATHLETIC CLUB)

Athleticek sendo hasi du denboraldi aurreko prestaketa. Orain arte Lezaman egindako prestaketak bere fruituak eman dituela ikusi da udarako lehen lagunartekoan. Lezaman jokatu dute partida, ate itxiekin eta zale zein telebistarik gabe, aurkariak hala eskatuta. Izan ere, aurrean Portugalgo Superkopa prestatzen ari den Bragako Sporting izan du, zeinek hilaren 10ean fonalerdietan Benfika izango duen aurkari –Portugalgo Sportingek eta Famalicãok ere parte hartuko dute–. Hala, garaipenak are garrantzia handiagoa hartzen du Iraia Iturregiren taldearentzat.

Lehen zatirako zuri-gorrien entrenatzaileak honako hamaikako hau aukeratu du: Amaia, Oihane, Unzue, Bibiane, Eunate, Itxaso, Monente, Sara Ortega, Claudia, Peke eta Arana. Bizkaitarrei kosta egin zaie lehen minutuetan euren jokoa aurkitzea, baina minutuak aurrera egin hala baloiaren jabetza eskuratu dute. 

Hala, Athleticen lehen bi golak iritsi dira. Lehenengoa, 31. minutuan, Sara Ortegak egin du. 17 urteko joakalariak Bragako atezainaren alderatze bat aprobetxatu du, Claudia eta Aranaren arteko jokaldi baten ostean, lehen gola egiteko.

Zortzi minutu geroago bigarrena iritsi da. Athleticek eskuinetik egindako jokaldi on baten ostean, baloia hartu eta gola egin du Pekek.

Hamaikako berria, intentsitate bera

Bigarren zatian Iraia Iturregik hamaika jokalariak aldatu ditu: Quiñones, Nevado, Garazi, Valdezate, Amaia Martinez, Estefa, Mariana, Yulema Corres, Jone Amezaga, Nekane eta Azkona.

Yulema Corresek hirugarren gola sartu du 58. minutuan, korner baten irteeran Nevadok ezkerrez egindako erdiraketa bat errematatu ondoren. Casanovasen jaurtiketa batek gertu izan du 3-1ekoa.

Hala ere, gola egin duena berriro Athletic izan da. Garazi Muruak aldeko penalti batean ez du hutsik egin 72. minutuan, Bragaren arean epaileak eskua adierazi ondoren. Bragako atzeainak asmatu egin du norabidea, baina ez da baloia gelditzera iritsi.

Nekanek gertu izan du ere gola, baina bere burukada Bragako atezainak aldaratu du 82. minutuan. Jone Amezaga eta Estefa gazteek ere kalitate distirak utzi dituzte bigarren zatian.

Lehen lagunarteko honi beste hiruk jarraituko diote: larunbatean Unqueran (Kantabria) Oviedoren aurka (16.30), hilaren 10ean Medina de Pomarren (Burgos) Eibarren aurka (18.30) eta 14an Lezaman (12.00) Burdeosko Girondinsen aurka.