Osasunak antolatutako Sentimendua Kopako lehen edizioa ostiral honetan hasi da, Realak eta Levantek Taxoaren jokatu duten lehen finalerdiarekin. Bertan, talde txuri-urdinak oso goiz sartutako gol bati esker ireki du garaipenerako bidea, berdindu egin diote bigarren zatiaren hasieran, baina Jensenek dobletea sinatu du eta Egigurenek hirugarrena egin du aurkariak 86an 3-2koa ipini aurretik. Igandeko finalean (13.00) aurkari izango du Real Madril, gauean Osasunari gailedu baitzaio (1-3).
Natalia Arroyo entrenatzaileak honako hamaikakoa zelairatu du hasieratik: Santana, Etxebeste, Specht, Etxezarreta, Arnaiz, Nerea Eizagirre, Allegra, Estrada, Jensen, Gemma eta Bernabe.
Txuri-urdinek ez diote aukerarik eman Levanteri hasiera-hasieratik eta lehen minutuan –20. segundoan, alegia– Jensenek ez du barkatu atezainaren aurrean gola egiteko Gemma Giliren pase bat aprobetxatuz.
Ordutik ez da markagailua aldatu eta atsedenaldira iristeko minutu gutxiren faltan, Allegrak zutoinera bidali du bere jaurtiketa indartsua Estradak ezkerretik egindako jokaldi bikain bati segida emanez.
Aldageletatik bueltan, Natalia Arroyok hiru aldaketa egin ditu, Nora, Aparicio eta Viles Estrada, Arnaiz eta Allegaren ordez zelairatuz. Baina, esaten den bezala, odolkiak ordainetan izaten dira eta esaldi hau sufritu behar izan du Realak. Izan ere, lehen minutua bete baino lehen, Levanteko Erikak berdinketa lortu du.
Hala ere, Reala ez da makurtu eta Jensenek arratsaldeko bigarren gola egin du 56. minutuan, polita gainera. Levanteren defentsak egindako huts bat baliatuz, atezainaren gainetik bidali du baloia, Paraluta ez da iritsi eta 2-1ekoa egin du jokalari txuri-urdinak.
Arroyok aldaketa gehiago egin ditu 65. minutuan, Alazne, Maddi, Egiguren, Uranga eta Maren zelairatuz. Levantek aldaketa-sorta bat ere egin du momentu horretan.
Baina Realak askoz ere hobeto aprobetxatu ditu aldaketa hauek. Izan ere, zelairatu berria zen Egigurenek sekulako gola egin baitu 71. minutuan. Bikain eraman du baloia ezker hegaletik eta area kanpotik, ezkerkada zital batekin, 3-1ekoa egin du.
86an, ordea, Holmek 3-2koa ipini du, beldur pixka bat sartuz txuri-urdinen gorputzean.
Osasuna, nahi baina ezin (1-3)
Beste partidan, Kopa honetako antolatzaile den Osasunak ezin izan du Lehen Mailako Real Madrilen aurka garaipena lortu (1-3). Kanpoko taldea, Nahikari Realeko jokalari ohiarekin hamaikakoan, 0-2 joan da atsedenaldira eta, nahiz eta gorritxoek 1-2koa ipini, ezin izan diote buelta eman markagailuari.
Kakun Mainzek gidatzen duen taldea honako hamaikakoarekin zelairatu da hasieratik: Maitane, Urruzola, Vera, Celia, M. Gonzalez, Zugasti, Aitana, Iara, Leyre, carmen eta Merche Izal.
Goizegi sartu du Real Madrilek lehenengo gola. Carolinek 0-1ekoa egin du 11. minutuan eta Maitane atezainak geldialdi bikaina egin behar izan du 20. minutuan Hansenen aurkako buruz buruko jokaldi batean.
Hori bai, ezin izan du ezer egin Nahikariren golean. Realeko aurrelari ohiak 0-2koa ipini du 27an eta, nahiz eta Osasuna saiatu den aldeak murrizten, emaitza horrekin abiatu dira atsedenaldira.
Bigarren zatian, Real Madrilek zelaiko hamar jokalariak aldatu dituen bitartean, iruindarrek sei egin dituzte: Saioa, Josune, Mar, Alexia Jr., Arantxa eta Vilariño. Gorritxoak hobeto atera dira eta aukera hirukoitza izan dute lehenengo gola egiteko. Hala ere, beranduago, 58an iritsi da 1-2koa, Alexiak, bere debutean, penalti bat transformatu duenean.
Kakun Mainzek aldaketa gehiago egin ditu bigarren zatian zehar, Valero eta Miriam Rivas bezalako jokalariei aukera emanda. Gorritxoek kontraerasoak erabili dituzte mina egiteko, baina zuriek ondo defendatu dute emaitza eta Maitane beste behin protagonista izan da 77an, Tolettiri geldialdia egin dionean.
Gutxi egin ahal izan du 81ean, Sousak, bere golarekin, partida erabakita utzi duenean. Minutu gutxi falta ziren amaiera arte, baina gorritxoak saiatu egin dira azken unera arte, saririk gabe.