NAIZ

Bi eraso homofobo Gasteizko jaietan; gazte bat jipoitu egin dute

Azken orduetan gazte bat jipoitua izan da eta beste batek irainak eta bultzadak jasan ditu Gasteizko jaietan, bi eraso homofobotan. Hori jakinarazi du Ikusgune behatokiak ohar batean, bai eta Gorka Urtaran alkateak Euskadi Irratian.

Zenbait ikasle, Gasteizen eginiko homofobiaren aurkako ekintza batean.
Zenbait ikasle, Gasteizen eginiko homofobiaren aurkako ekintza batean. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Ikusgunek eta Gasteizko alkate den Gorka Urtaranek astearte honetan jakitera eman dutenez, bi eraso homofobo gertatu dira gaur amaitzen diren Gasteizko festetan. Kasu horietariko batean, kolpe batzuk jasan zituen biktimak, baina ondo dagoela zehaztu dute.

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak ohar batean esan duenez, bi erasoak azken orduetan gertatu dira (astelehean eta astearteko ordu txikietan) eta horren berri Mugimendu Feministak eman die. Protokolo zehatza du honek erasoei aurre egiteko.

«Lehenengoa hilaren 8an gertatu zen –zehaztu du Ikusgunek–. Mutil bat Alde Zaharreko taberna batean dantzan ari zela, gizon talde batek eraso egin zion, irain homofoboak eta bultzadak emanez».

Txosnetan jipoia

«Bigarren gertakaria hilaren 9ko goizaldean txosnen esparruan gertatutako eraso bat da. Gazte bati bizkarretik eraso egin diote eta bi pertsonak jipoitu egin dute irain homofoboak oihukatzen dituzten bitartean. Erasoa jasan duen gaztea ondo dago», erantsi du behatokiak.

Zertxobait lehenago, bi kasu hauen berri eman du Euskadi Irratiak eginiko elkarrizketa batean Urtaran alkateak, antzerako datuak eskainiz.

«Gasteiz hamaika aldiz agertu da indarkeria matxistaren aurka, eta argi utzi du eraso horiek ez dutela lekurik gure kaleetan –adierazi du Ikusgunek–. Lanean jarraituko dugu gure kaleetan, gure etxeetan, gure lanpostu eta gure bizitzako espazio bakoitzean LGTBI+fobiak tokirik izan ez dezan».

Erakunde eta alderdien erantzuna

Gasteizko Udalak gaitzetsi egin ditu bi eraso homofoboak, eta horien aurrean aktibatu du Indarkeria Matxistari Erantzuteko Protokoloa.

Arabako hiriburuko Udalak, ohar baten bidez, babesa adierazi die erasoen biktimei, eta «gaitzetsi eta arbuiatu» ditu gertakari horiek. Gainera, biktimen eta haien inguruneen esku jarri ditu behar izan ditzaketen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak.

Bestalde, Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ere  Andre Maria Zuriaren jaietan gertatutako eraso homofoboak gaitzetsi ditu eta era horretako indarkeriazko gertakariak «intolerantzia, errespetu falta eta giza eskubideen eta bizikidetzaren aurkako erasoak» direla nabarmendu du du.

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak Euskal Herriko herrietan «sareak ehuntzeko» deia egin du, udan zehar egingo diren jaietan eraso LGTBIfobikoak errepika ez daitezen.

«Antolatuko gara, sareak landuko ditugu eta libreki gozatuko dugu gure herrietako jaiez. EH Bilduren babes eta elkartasun osoa erasotuei», adierazi du alderdi horren ordezkariak sare sozialetan.