NAIZ

Pirinioetako familiek ikasleentzako garraio hobekuntzak eskatu dituzte

Garralda, Erronkari, Zaraitzu, Luzaide, Erro, Auritz eta Aurizperri bailaretako hainbat familiek salatu dutenez, Nafarroako Gobernuak ez du bermatzen gazteek hezkuntza sisteman jarraitzeko berdintasun eraginkorra, «ez baitu garraiorako eskubidea bermatzen».

Pirinioetako familien kontzentrazioa Foru Gobernuak Iruñean duen egoitzaren aurrean, 2021ean. (Pirinioetako Gurasoen Elkartea)
Pirinioetako familien kontzentrazioa Foru Gobernuak Iruñean duen egoitzaren aurrean, 2021ean. (Pirinioetako Gurasoen Elkartea)

Pirinio inguruko 17 familiek Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatu diote ikasleentzat dauden garraio arazoak konpon ditzala. Asteazken honentan izan da.

Leire Remiro, egoerak erasandako ama, Hezkuntza Sailean erregistratu duten dokumentua aurkezteaz arduratu da. Bertan, egoerari buruzko informazioa eta familiek arazo horren aurrean proposatzen duten konponbidea jasotzen dira.

Adierazi duenez, Garralda, Erronkari, Zaraitzu, Luzaide, Erro, Auritz eta Aurizperri bailaretako hainbat familiak urteak daramatzate irtenbide bat eskatzen: «Nafarroako Gobernuak ez du bermatzen gure gazteek hezkuntza sisteman jarraitzeko berdintasun eraginkorra, ez baitu garraiorako eskubidea bermatzen», adierazi du.

Gaineratu duenez, «nahikoa ez diren» laguntza ekonomikoak baino ez dituzte jasotzen, eta hauek ez dutela eragozten gurasoek garraiatu behar izatea seme-alabak, askotan lan-ordutegietara egokitu behar izanez.

«25 minutu eta ordubete arteko lekualdaketez ari gara, eta askok ezin dugu bidaia hori egunero egin», gaineratu du Remirok.

Epe luzerako irtenbidea

Horregatik, berretsi du ez dutela «ikasturte honetarako apaño bat bilatzen, baizik eta epe luzerako benetako irtenbide bat, arazo horrek urtez urte egoten jarraituko baitu».

Nabarmendu du eskubidez dagokiela garraio hori, eta, gainera, familiak berak aritu direla irtenbide bat bilatzen. Zehazki, dokumentuan aipatu dute arazoa bederatzi plazako bi ibilgailurekin konpon daitekeela.

Horren harira, Remirok argitu du proposatu duten konponbideak 59.500 euroko kostua duela, gutxi gorabehera. «Ez zaigu iruditzen Administrazioak bere gain hartu ezin duen kostua dela», gaineratu du.

Hezkuntza Departamentura joan ondoren, Parlamentura jo dute; izan ere, bilera bat eskatu diote Hezkuntza Batzordeari, eskola-garraioaren antolaketa eta funtzionamendua eta banakako laguntzak arautzen dituen 35/2022 Foru Agindua aplikatu ondoren sortutako egoeraren berri emateko.