Arnaitz Gorriti
Interview
Juan Mari Lujanbio
Fortuna Kirol Elkarteko patroia

«Beteranoen artean aspaldi ez bezalako giroa, ilusioa eta goxotasuna sentitu ditut»

Fortuna Kirol Elkarteak eraman du Beteranoen La Salve Arraun Liga, 11 estropadatik zortzitan nagusituta. Nolabait esatearren, bestalde, Juan Mari Lujanbio patroi historikoaren palmaresa osatzeko falta zen titulua izan liteke berau. Baina lehiaz gain, kooperazio giro bereziak erakarri du Lujanbio.

Lujanbio eta bere eskifaia, lanean jo eta ke.
Lujanbio eta bere eskifaia, lanean jo eta ke. (FORTUNA KIROL ELKARTEA)

Fortuna Kirol Taldeak irabazi du Beteranoen Arraun Liga. 2008az geroztik martxan dago lehiaketa hau; berez 45 urtetik gorako arraunlarientzat pentsaturik badago ere, jende gaztetxoagoa ere bertan ikusi liteke arraunean, eta baita ondotxo jende nagusiagoa ere, golfean erabiltzen den antzera «handicap» sistemaren bitartez, zenbat eta arraunlari nagusiagoa, eta denbora beherantz egokitzen baitu. Beste bereizgarritasun batzuek aintzat hartuta, bi Lule eta ziaboga bakarreko estropadak jokatu ohi dituzte eta gizon zein emakumeek elkarrekin arraunean egin ez ezik, kluben batek tostaren bat betetzeke izango balu, beste klugen bateko arraunlariek «indartzen» dute «aurkariaren» tosta. Ostean, estropeada amaitu eta gero, bazkaria, afaria eta mokaduarekin amaitu, eta kitto!

Baina ez pentsa halak berezitasunak dituen arraun lehiaketa batek mailarik ez duenik. Esan bezala, Donostiako Fortuna Kirol Taldeak araman du aurtengo edizioa, 11 estropadatik zortzitan gailendu eta gero. Zeozergatik hartu zituen joan den larunbatean Donostiako Udalak, Eneko Goia alkatea buru zela, aur ten irabazi dituzten banderak eskaintzeko orduan. Bere patroia, gainera, Juan Mari Lujanbio lako historio bat da, «geldirik ego ten ez dakien sugandila bat», bere emaztearen arabera. Ez da Fortunan ari den arraunlari historío bakarra, besteak beste, Hondarribiarekin Kontxako bi bandera irabazi dituen Karlos Mendizabal, eta abar.

Alabaina, Juan Mari Lujanbiorekin hitzegin dugu, 30 urte arraunaren elitean borrokan aritu eta gero, arraunari lotuta jarraitzeko modu berria aurkitu baitu beteranoen liga honekin. «Aspaldi sentitu gabe nengoen konfidantza eta goxotasuna sentitu ditut».

2021ean oraindik Pedreñan ari zen lanean Lujanbio, KAE 1 Ligan. Ondorioz, beteranoen artera iritsi berria da, 61 urte betetzear den arren, baina ikuspuntu berezi batetik abiatuta, beteranoen lanari ere meritua ezarri gura dio.

11 Estropadatik 8 garaipen; zorionak!

Eskerrikasko! Dirudiena baino askoz gehiago kosta zaigu, kategoria indarra hartzen ari delako. Taldearen meritua oso handia da orduan. Maiatzaren erdialdetik uztaila amaitu arte hantxe jo eta ke ekin diogu eta emaitza ederra atera zaigu, baina gainontzeko 10 traineruek asko esijitu digute ere.

Adinean gorantz ari zaren arren, nolatan eman duzu pausoa orain beteranoetara, 30 urtean elitean aritu eta gero?

Ba horixe, beste esperientzia bat bilatzen nuen. Bestela ere ez naiz sekula geldi egoten; dela korrika, zaldiekin, txakurrekin lera gainean... emazteak «sugandila bat» naiuzela esaten du eta arrazoi osoz. Zerbait berria bilatzen nuen eta beteranoen liga suertatu zitzaidan Fortunarekin. Han gainera aurrez ezagutu ditudan lagun batzuekin berriro elkartu naiz: Karlos Mendizabal, Rodriguez... batzuek duela 30 urte ezagututako jendea, beste batzuek berriak... Motibazio berri bat izan da hau guztia niretzat eta beraiekin ikaragarri gozatu dut, egia esateko.

Gero, nirekin oso ondo portatu da kluba. Adibidez, Laredon bizi naiz eta entrenatzera nahi beste alditan ezin nintzen joan, baina estropadetara beti joaten nintzen, neurri handi baten taldeak dauzkan beste patroiak baino arinagoa naizelako pisuz eta nire adinagatik, «handicap» ona daukat taldeari denbora murrizten laguntzeko. Baina «lan zailena», entrenamenduetan taldearen arraunkera osatzea, beste bi patroiek, Urko Hernandez eta Mikel Olaziregik egin dute eta nik estropadetan lan horri «ginga» jartzen jardun dut batik bat.

Eliterako motibazio faltaz eta beste motibazio batek bultzatuta hartu duzu orduan beteranoen bidea.

Urte asko dira arraunaren gorenean eta klub askotan. Irabazi litekeen guztia, edo ia guztia, lortu dut irabaztea noizbait. Besterik gabe, nolabaiteko lasaitasun bat bilatzen nuen. Badakizu, tripulazio gazte bati zuk nahi duzun moduan arraunean egin araztea ez da erraza. Denborak aldatzen doaz eta ohitura berriak dituzte arraunlariek eta niri aste osoko lan hori egitea astuna egiten ari zitzaidan. Baina Fortunan aipatutako lasaitasun horrez gain goxotasun berezi bat aurkitu dut, aspaldian sentitzen ez nuen goxotasun hori aurkitu dut berriro.

Baina goxotasunaz gain, esan behar dut arraunlari koadrilak onerako harritu nauela. Kontua da bai, beteranoak garela, baina guztiek beraien %100a eman dute. Oso gogor entrenatu dute neguan eta lehiaketan guztia eman dute. Emakumeen denboretatik nahiko gertu geratu gara, aizu! Eta hori adineko jendea dagoela eta esan gabe doa bakoitzak bere lana eta betebeharrak dituela etxean. Baina hori guztia jakinda, politena arraunlari koadrilak denboraldian dena eman duela ikustea izan da, emaitzak baino ere gehiago.

Beteranoen ligak, bestalde, lehiaz gain badu kooperazio zantzu bat: gizonak eta emakumeak batera arraunean aritzea, arraunlariak trukatzea, estropada osteko mokadu/bazkariak... Honek derrigor ezberdina behar du zuretzat.

Oso ezberdina, baina aurkitu dudan gauzarik onenetakoa ere bai. Azken baten meritua zor zaie «beterano» deitzen diegun arraunlariu hauei. Adin askotako jendea dago: batzuek 45 urte ingurukoak, baina baita 60 urtetik gorak ere, eta denek entrenatzen dute gogor. Hargatik, elitean ez bezala, 13 arraunlariko taldetik kanpo lagatzea askotan mingarria suertatzen da, hauek ez bait¡ra eliteko kirolariak.

Baina hain justu horregatik ideia bikaina iruditzen zait talderen batek, dela lan arazoak tarteko edo izaten denagatik, ontzia bete ezinik baldin badu, gure arraunlariren bat jasotzea. Hala, arraunlariak bere aste osoko lanaren ordaina jasotzen du eta lehian parte hartu dezake eta parte hartzen duten 11 ontzieek –eta gonbidatuek– ere lehiatu dezakete. Detaile oso polita da hori.

Bestea, estropadaren ostean zerbait hartzen geratzea ere, oso gauza positiboa da. Azken baten, arraunean egitea aukera bat da gizon-emakume hauentzat; esan bezala, nik neuk arrauna ez ezik, beste kirol ezberdinak egiten ditut, baina hemen tartean badaude bere garaian eliteko arraunlariak izan zirenak eta arraunean sentitzen direnak gustora; horietako hainbatekin harremana berreskuratu dugu estropada ostean elkartuta. Beste batzuek, berriz, kanpotik ikusten zuten arrauna eta orain barrutik bizi dute afizio hori.

Azkenik, gizonak eta emakumeak batera izatea niretzat oso sorpresa pozgarria izan da. Nire «palmaresari» falta zitzaion gauzetako bat, agian, eta ikusi dut zernolako afizioaz eta konpromezuaz egiten duten lan, emakume gazteak izan gabe inondik ere.

Palmaresa osatu duzu orduan. Hurrengo urtean ere Fortunan jarraitzeko?

Ikusiko dugu. Bistan dagoena da arrauna ez dela soilik Eusko Label Liga, KAE Liga eta abar. Egia da arraunean zabiltzanean ahal duzun guztia ematen duzula eta lehiaketak seriotasuna izatea garrantzitsua dela. Bestetik, ni Laredon bizitzeak entrenamenduetara mugitzea oztopatzen dit eta, zentzu horretan, Pontejos –beteranoen ligako partaidea–, Laredo edo Santoñako taldeak hurbildu zaizkit aurtengo denboraldirako begira, baina Fortuna aukeratu dut, talde egitura sendoagoa duela ikusita.

Baina kirol egitura baino gehiago, eskertzekoa eta azpimarratzekoa izan dena Fortunan aurkitu dudan giro bikaina eta goxotasuna. Nik beti diot arraunari eta kirolari lotuta egongo naizela osasunak uzten didan bitartean eta disfrutatzen jarraitzen dudan bitartean, nire etxean gure aitak, gure aitonak, anaiak... egin duten bezala. Ez dakit datorren urtean non izango naizen, baina kirolari lotuta, hori bai. aurten bezala disfrutatzen jarraitzen dudan bitartean, aurrera.