NAIZ

Eraso matxistak gaitzesteko manifestazio batekin festa eten dute une batez Donostiako Piratek

Donostiako Aste Nagusian izandako eraso matxisten kontrako manifestazioa egin dute gaur Gipuzkoako hiriburuan, Piratek deituta. Argiak izan dira baliatu duten leloan: ‘Ziztadarik ez! Baboseorik ez! Gure gorputzeko erasorik ez! Erasorik ez erantzunik gabe!’.

Eraso matxisten kontrako manifestazioa Donostiako Aste Nagusian.
Eraso matxisten kontrako manifestazioa Donostiako Aste Nagusian. (Jon URBE | FOKU)

Larunbat arratsalde honetan, Aste Nagusiaren azkenengo egunean, Donostiako Piratek deitutako manifestazioa babestu dutenek argi eta garbi adierazi nahi izan dute ez dutela inolako erasorik onartuko eta, horrekin batera, nabarmendu dute autodefentsa feminista dela erasoei erantzuteko bidea.

Aste Nagusiaren testuinguruan deitu zuten Piratek manifestazio feminista, La Flamenka gunean hainbat eraso sexita eta gutxienez ziztada bat atzeman ostean. Honen aurrean, eta egoera «larria» dela onartzen badute ere, alarmismorik gabeko mezua transmititu nahi izan dute Piratek: «Ez gaitezen beldurraren zurrunbiloan erori. Egoerari duen dimentsioa ematen saiatu behar dugu, baina alarma sozialean erori gabe».

«Zurrumurruak ez hauspotu»

Horrela, Donostiako Piratek «zurrumurruak ez hauspotzeko» deia zabaldu diete herritarrei Aste Nagusiko egunetan, eta «morboaren konplize» izan gabe, erasotuen intimitatea zaintzea eta erasoen aurrean erantzuten ari diren kideen lana errespetatzea eskatzen dute.

«Gure erantzuna autodefentsa feminista izango da eta horrek jaigunean erasoak salatzeko gune bat izatea esan nahi du eta protokolo feminista bat inplikatzen du», berresten dute.