NAIZ

Aste Nagusiko lehenengo egunaren ostean bost ziztada kasu ikertzen ari dira Bilbon

Bilboko Aste Nagusiko jaietako lehenengo gauean lau emakumek jasandako ziztadak ari da ikertzen Ertzaintza; Udaltzaingoak, halaber, beste ziztada baten salaketa jaso du. Donostiako festetan, halaber, bi salaketa erregistratu direla hirian ziztadengatik eta beste lau edo bost kasu ikertzen ari dira.

Emakume batek salatu zuen festen hasierako txupinazioan ziztatu zutela.
Emakume batek salatu zuen festen hasierako txupinazioan ziztatu zutela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Aste Nagusiko lehenengo gauean lau emakumek jasotako ziztadak ikertzeko eginbideak ireki ditu Ertzaintzak. Horietako bik salaketa jarri dute, Lakuako Segurtasun Sailak igande honetan jakinarazi duenez.

Bilboko Udaltzaingoak beste salaketa bat jaso du, 19 urteko neska bati egindako ziztadagatik. Udaleko iturrien arabera, salatutako gertaerak atzo arratsaldeko zazpietan gertatu ziren, Arriaga Antzokiko plazan, jaien hasierako txupinazoan. Honetaz gain, Udalak dio Udaltzaingoa beste kasu posible bat ere ikertzen ari dela.

Iturri berdinek agertu dutenez, gutxienez hiru kasutan erasoen kontrako protokoloa aplikatu eta osasun zentrora eraman zituzten andrazkoak, bertan beharrezko probak egiteko.

Donostian inokulaziorik ez

Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkateak Aste Nagusia amaitu eta biharamunean esan duenez, bi salaketa erregistratu direla hirian ziztadengatik eta beste lau edo bost kasu ikertzen ari direla. Cadena Ser irrati katean egin ditu alkateak adierazpenok, argituz substantziaen inokulaziorik ez zen atzeman ezein kasutan.

Hala ere, Aste Nagusiko balantze ofiziala bihar, astelehenarekin, egingo du Goiak.