NAIZ

Krisi energetikoari aurre egiteko egiturazko neurriak behar direla ohartarazi du LABek

LAB sindikatuaren esanetan, «egiturazko neurrien alde egiteko unea da» gaur egungo krisi energetikoari aurre egiteko. «Adabakiak albo batera utzi eta langileon bizi baldintzak duintzeko erroko aldaketen beharra» azpimarratu du.

LAB sindikatuak antolatutako protesta baten argazkia.
LAB sindikatuak antolatutako protesta baten argazkia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Espainiako Kongresuan krisi energetikoari aurre egiteko lege dekretu berria onartu den honetan, «adabakiak albo batera utzi eta langileon bizi baldintzak duintzeko erroko aldaketen beharra» azpimarratu du LAB sindikatuak. Horregatik «egiturazko neurrien alde egiteko unea» dela azpimarratu du. 

Ohar batean adierazi duenez, «hilabeteak dira langileok krisi hotsak geroz eta ozenago entzun eta ondorioak bizitzen ari garela. Sinetsarazi nahi digutenaren aurka, argindarraren prezioaren igoera zein oro har energia krisiaren arrazoiak ez dira Ukrainan jasotzen ari den gatazka belikoan hasi eta bukatzen. Egungoa ez da, gainera, koiunturazko eta beraz salbuespen neurri mugatuekin erantzuteko momentua».

Sindikatuaren arabera, energia krisiaren oinarria «egungo ekoizpen eta banaketa sistema bidegabea da. Sistema kapitalistak, besteren artean langileon bizitzak prekarizatu eta pobretu, nagusiki emakumeok egitera behartutako zaintza lanak ikusezin bilakatu eta planetaren bioaniztasuna suntsitzen ditu».

«Gauzak horrela, hasiak gara entzuten trantsizio energetikoa baino, segurtasun energetikoa bermatu behar dela dioten adierazpenak. Horretarako, elektriken irabazi handiak mugatu eta sektore estrategiko gisa kontrol publiko eta sozialean berenganatzeko bide-orria baino; langile eta herri sektoreen pobretzearekin aberasten ari direnen aurkako neurri sakonak hartu baino, aurreko krisietan bezala agintari politikoek gerrikoa langileok estutu eta ahalegin berriak egin ditzagun eskatzen digute», gaineratu du.

LABen iritziz, «datorren udazkenean larriagotu daitekeen egoerari erantzuteko, beharrezkoa da neurri politikoak oinarri sinple bezain erradikalean egitea: langile eta herritarron bizi baldintzak eta planetaren bioaniztasuna ziurtatzea». «Horrek esan nahi du argindarraren prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu beharra dagoela, erreforma fiskal eta neurri zehatzen bidez, oligopolio energetikoak irabazitako mozkinetan eskua sartu behar dela eta energia bezalako sektore estrategikoetan kontrol publiko eta soziala bermatu behar dela», esan du.

Eta, norabide horretan, «Sanchezen gobernutik zein Urkullu-Tapia tandemak edo Chiviteren gobernuen neurri epelak guztiz eznahikoak» direla salatu du, «baita interes enpresarialen menpe daudela ere. Noski planetaren muga biofisikoak kontuan izan eta jarrera indibidualetan aldaketa eman behar dela, baina gaitasunen araberako ahalegina da arautu beharrekoa».

«Gauzatu beharreko trantsizioa ezin da herri sektoreon jarrera indibidualetan oinarritu soilik eta horretarako lurraldearen planifikazio eraginkor eta ekoizpen eredua berraztertzearekin batera urgentziaz energia xahutze erraldoiak egiten dituztenei eta prezioen igoerekin aberasten direnei gehiago murriztera derrigortu, zerga gehiago ordainarazi eta haien espekulazio eta esplotazio asmoei muga jarri behar zaie», nabarmendu du.