Gaur eguerdian hitzordua emana zuen Imanol Espinazo artistak Santiagoko mugan dagoen oinezkoentzako zubian. Europar funtsekin arramoldatutako Avenida zubia itxita dago aspalditik. Frantses Poliziak hesiak ezarri zituenetik, pandemiaren garaian, zehazki.
Mugek egiten duten kaltea salatzea du helburu, hain zuzen, ‘Bidegurutzea’ performarcea. Hala, Melillatik Hendaiara datozen migratzaileek pairatzen duten sufrimendua agerian jarri nahi du Espinazok.
Eguerditik hasita, frantses Poliziak gau eta egunez zelatatzen duen mugan, 112 metroko luzeera duen zubian aurrera eta atzera ibiliko da Espinazo. Beltzez jantzita eta isil isilik oinez ibiliko da aste bat iraun behar lukeen ekimena burutu arte. Melilla eta Hendaia arteko distantzia -1.099 kilometro- egiteko finkatu du erronka.
Urrats bat bestearen atzetik, artista irekia behar lukeen zubiaz jabetu da, eta bere asmoa da bertan irautea, baita gauean ere. Herritarrei gonbidapena luzatu die artistak berarekin batera ibiltzera joateko.
Finean, urrats bakoitzak kontatzen duenez, gero eta gehiago izan martxan, gero eta fiteago lortuko da 1.099 kilometro edo 9.812 joan-etorri horiek. nHamarnaka herritar bertaratu dira Avenida zubira eta artistarekin batera ibili dira.
Migratzaileekiko elkartasunean jarduten duten elkarteek deia luzatu dute zubira bertaratzeko, artistari sostengua emateko eta bidez batez, zubian joan-jina batzuk egiteko.