Jon Ormazabal

Izarrik handienek ere tarteka galbana egunak izaten dituztelako

Irribarria eta Albisu oso serio eta indartsu batzuek airean ibili dituzte batere freskotasunik gabe aritu diren Laso eta Zabaleta eta Donostia Hiria torneoko finalerako sailkatzea lortu dute erraztasunez (13-22).

Jon Ander Albisuk partida borobila jokatu du.
Jon Ander Albisuk partida borobila jokatu du. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Pronostiko guztien kontra –jokatu den diru gutxia doblean irten da euren aurka–, Iker Irribarria eta Jon Ander Albisuk jokatuko dute Donostia Hiria torneoko finala, Unai Laso eta Jose Javier Zabaletari 22-13 gailendu ostean. Izenez, gaur egun programatu daitekeen bikoterik indartsuenetako bat osatzen dute bi nafarrek, baina gaur egungo kirol profesionalean konpetentzia hain da handia, mailarik onenetik gertu aritu ezean, erraza dela oso aurretik eramango zaituen bikote batekin topo egitea. Horixe egin dute, batez ere partida hasieran, goierritarrek eurekin eta ondo merezita lortu dute Ezkurdia-Mariezkurrenaren aurka jokatzeko txartela.

Izan ere, izarrik distiratsuenek ere, tarteka galbana egunak izaten dituzte eta, azken egunetan partida asko pilatu ostean –atzo bertan final estu eta gogorra jokatu zuten Bilbon– gorputzak «nahikoa da» esaten du eta, buruak gauza bat esan arren, soinak nagikerian geratzea nahiago izaten du. Horixe izan zen, batez ere hiru egunetan hirugarren partida jokatzen zuen Lasoren eta Zabaletaren kasua, nahiz eta etxarrendarrak behetik gora egin zuen nabarmen. Bitxia ematen duen arren, errebote inguruan jarrita zegoen mikro baten aurka jota eskuin eskuko hatz nagian min hartu eta gero hobetu ziren atzelariaren sentsazioak.

Egungo buruz buruko txapeldunaren kasuan, ordea, erabat hustuta aritu da, ezker gantxoarekin minik egin ezinik, galdutako pilota askorekin eta ohikoa duen protagonismorik topatu ezinda. Pentsa, 7-13koan egin zuen bere lehen tantoa gantxoz Bizkareta-Gerendaingoak.

Unea baliatu 

Irribarria-Albisu, euren aldetik, azkenaldian emaitza onik bildu ezinik heldu ziren Donostiako finalerdira, atzelaria fisikoki ere arazo batzuk izana da orain gutxi, baina ez zioten parean jarri zitzaien aukerari ihes egiten utzi nahi izan, bide batez euren buruak aldarrikatuz.

Aurkariak ez bezala, fresko eta oso sartuak ekin zioten partidari eta konturatzerako 2-10 aurreratu ziren, gorrien hutsei esker bai, baina baita eurena oso ondo eginez. Gantxoarekin konfiantzarik gabe jarraitzen badu ere, Irribarriak bizi ibili zuen pilota boleaz eta Lasok apenas sufritu arazi zuen defentsan. 

Albisuk, bere aldetik, erdi aldera hutsen bat pilatu bazuen ere, partida borobila jokatu zuen, tarte handi batean Zabaleta bera dominatuz, kantxan aginduz eta ziurtasuna islatuz. Erditik aurrera Zabaleta bere onera etorri zenean ere (17-12 gerturatu ziren nafarrak), ataundarrak ederki eutsi zion partidari eta ondo merezitako garaipena eskuratu zuten.

 

FITXA TEKNIKOA

Laso-Zabaleta: 13

Irribarria-Albisu: 22

Pilotakadak: 440. Iraupena: 50,48 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-6, 2-6, 2-10, 3-10, 3-13, 7-13, 7-16, 9-16, 9-17, 12-17, 12-18, 13-18, 13-22. Sakeak: 0 Lasok eta 4 Irribarriak. Egindakoak: 2 Lasok, 2 Zabaletak, 10 Irribarriak eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 5 Lasok, 2 Zabaletak, 4 Irribarriak eta 4 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera polita baina betetzetik urrun Donostiako Atano III.a pilotalekuan.