Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / Redactor de la sección de Opinión

Amets eder haren lekukotza

Fidel Castrok Allenderen Txile ia lau asteko bisitan zeharkatu zuen 1971n. Aurten, bidaia hura jasotzen duten zahar usaineko orriek 50 urte betetzen dituzte. Nik dakidala, ez da berrargitalpenik iragarri, ez Txilen ez beste inon.

Internet bidez liburuaren ale bat lortu nuen. Han zegoen bizardun mitikoaren irudia, pintzelez margotutako erretratua azal eta kontrazal urratuetan. Barruan orrialde horixkak, finak eta hauskorrak, zahar usain ederrekoak. Irakasgaiz beteriko liburua espero nuen eta itxaropenezko amets bat aurkitu dut.

Allende presidentetzara iritsi eta urtebete eskasera Fidel Castro Txilera bisitan joan zen. Ordurako, Gobernuak burdina, ikatza, nitratoa eta banka pribatuaren %65 nazionalizatuak zituen. Baita kobrea ere, Txileko ekonomiaren oinarria. Aldaketa handiak gertatzen ari ziren denbora gutxian. Herria pil-pilean zegoen.

Ia lau asteko bisitan, lider kubatarrak Iquiquetik Punta Arenasera dauden 3.600 kilometroetan zehar lantegi, unibertsitate, plaza eta estadioetan hamarnaka mila pertsonaren aurrean hitz egin zuen, umil eta ulergarri, umorez, konplizitatearekin. Allenderen sozialismorako bidea Kubako Iraultzaren oso ezberdina izan arren, Fidelen babesa zuen, kubatar iraultzak txiletar ezkerraren babesa zuen bezala. Topaketa hura bi herriren anaitasun eta xamurtasun amets postepiko zirraragarria izan zen. Postepikoa, baina, era berean, epika berrietan murgilduta. Zein ederra izango zen...

Allenderen gobernuak sortutako Quimantú argitaletxeak "Fidel en Chile. Textos completos de su diálogo con el pueblo" liburuan topaketa hartan kubatar mandatariak emandako diskurtsoak argitaratu zituen. Aurten, amets hura jasotzen duten zahar usaineko orriek 50 urte betetzen dituzte. Amets laburra, 1973ko irailaren 11n Pinocheten estatu kolpeak errotik eta Txileko herriaren odola isuriz zapuztu zuena. Diktadurak Quimantú, «jakinduriaren eguzkia» hizkuntza maputxean, 1973ko azaroan itxi zuen. Egun, liburua argitaratu eta 50 urtera, nik dakidala, ez da berrargitalpenik iragarri duen argitaletxerik, ez Txilen ez beste inon.

Zorionez, detaileak ez du garaia deskribatzen eta, gaur ere, Latinoamerikak etorkizun hobearekin amets eginarazten diguna izaten jarraitzen du. Hurrengo hitzorduak, Txile bera eta Brasil. Adi egongo gara. Itxaropena ezinbestekoa dugu.