Maddi Txintxurreta

EH Bildu: «Klima aldaketak ez du irtenbide erreformistarik, egiturazko neurriak behar dira»

Euskal Herria herri txikia izanagatik ere, arazo handietan eragiteko gaitasuna duela uste du EH Bilduk. Larrialdi klimatikoaren eta gerren testuinguruan, egiturazko neurriak defendatu ditu koalizio abertzaleak eta, horiek bideratzeko, burujabetza.

EH Bilduren Mahai Politikoak kurtso politiko berriko lehen bilera egin du.
EH Bilduren Mahai Politikoak kurtso politiko berriko lehen bilera egin du. (Jon URBE | FOKU)

EH Bilduren Mahai Politikoak kurtso politiko berriko lehen bilera egin du astelehen honetan eta bertan egindako hausnarketak plazaratu ditu Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusiak prentsaren aurrean. Egiturazko arazoei aurre egiteko egiturazko neurriak behar direla berretsi du.

Udara honetan jarri du fokua Otegik, zeren, bere ustez, EH Bildu pasa diren lau urteetan esaten ari dena konfirmatu da: larrialdi klimatikotik hasita hegemonia politiko-militarraren balizko aldaketaraino, mundu mailako egiturazko arazoak jadanik eragina dute jendearengan.

Aipatu du «mundua talka eta lehia» batean murgilduta dagoela, zalantzan daudelako hegemonia politiko-militarra eta ekonomikoa, bi protagonista nagusiekin: AEB eta Txina. «Lehen aldiz gauza bat gertatzen ari da: posible da hegemonia militarra mantentzen duen potentziak, AEBk, momentu batean ekonomiaren boterea galtzea eta Txina bilakatzea hegemonia ekonomikoa. Horri erantzuten diote hainbat gauzak», ohartarazi du koordinatzaile nagusiak.

Lidergoaren lehia horren ondorioak garbi ikus litezke Ukrainan, ekialde hurbilean nahiz Taiwanen, Otegiren arabera, baita gatazka horiek mundu osora zabaltzen duten krisi anizkoitzetan ere.

Egoeraren larritasuna nabarmendu nahian, aipatu du Fernando Valladares zientzialariak famatu duen esaldia: «Udara hau, izaten ari den gogorrarekin, ziur aski bizitzeko gelditzen zaizkigunetan freskoena izango da». Eta NBEren ohartarazpen gordina, Antonio Guterres idazkari orokorraren ahotik: «Giza-espeziea arriskuan dago».

«Orain elite politiko eta ekonomikoek esaten digute udazken gogor baterako prestatu behar dugula, baina inork ez ditu horren arrazoiak ematen», esan du Otegik.

Aipatu eliteek arazo hauen jatorri eta arduradun bakar gisa Vladimir Putin Errusiako presidentea dela sinestarazi nahi dutela salatu du elgoibartarrak, argituz –eta azpimarratuz koalizioak askotan salatu duela Errusiak Ukraina inbaditzea– EH Bildu ez dela ados irakurketa horrekin. Atzean gerra luzatzeko interesak daudela ziurtatu du: «Zergatik iragartzen dute udazken gogorra? Zergatik puztuko dira inflazioa eta energiaren garestitzea? Zergatik izango da hainbeste arazo elikagaiekin? Zergatik areagotuko dira goseteak, migrazioak? Batzuek diote Putinen errua dela. Guk inbasioa salatzen dugu, baina esaten dugu gerra luzatzearen aldeko elite politiko eta ekonomikoak ere arduradun direla. Ez gaude ados marko horrekin. Krisia edo udazken gogor hori ez dira itzulezinak, gerra itzulezina ez den bezala».

Euriari argazkia

Aldaketa klimatikoa ere izan du mintzagai Arnaldo Otegik, mundua goitik behera eta alboz abo zeharkatzen duen larrialdia. «Kapitalismoak etengabean garamatza espeziaren bizitza arriskuan jartzera», agertu du eta eraginak hemen eta orain –Euskal Herrian, aurten– pairatzen direla ohartarazi. Esan du jada ikusi dela aldaketa klimatikoa ez dela egiaztatu beharreko hipotesi bat. «Hemen dago», esan du, eta berriz ere Valladaresen esaldia hitzaldira ekarriz, beroak, suteak, horrek guztiak dakartzan kalteak, gora egingo dutela baieztatu du.

Euskal Herria larrialdi klimatikoaren eraginak pairatzen ari dela erakusteko bi adibide sinple baina argigarri ekarri ditu Otegik. Bat, Hendaiako hondartzan bainuan zeuden pertsonei koska egin zien arrain espezieari lotutakoa. «Zein da arrazoia? Bada, tenperatura igo dela eta espezie berriak iristen direla hondartzetara», azaldu du. Bigarren adibidea orain bi aste Elgoibarren, bere herrian, ikusi zuenari dagokio: jendea euriari argazkiak egiten. «Non eta Euskal Herrian. Euria albiste bilakatu da Euskal Herrian», adierazi du.

Hortaz, arazo handiak konponbide handiak behar dituztela defendatu du EH Bilduren koordinatzaile nagusiak: «Aldaketa klimatikoak ez du irtenbide erreformistarik: neurri zorrotzak eta egiturazkoak behar dira». Eta, neurri horiekin batean, gogorarazi du egungo Mendebaldeko ereduak, ekoizpenean eta kontsumoan oinarritutakoak, ez duela balio; «planetak ezin du jasan». «Aurre egingo zaio benetan aldaketa klimatikoari edo oso gaizki pasatuko dugu», esan du.

Burujabetza erdigunera

Egiturazko neurriak aipatu ditu Otegik, baina esan du, halaber, burujabetza ezinbestekoa dela neurri horiek adostu eta bultzatzeko. «Ondorioak hemen daude, eta ez dira bakarrik gerrarengatik, beraz, herritar gehiengoen babeserako itunak eta akordioak osatu behar dira. Euskal Herrian eta toki guztietan. Herri gehiengoa babestu behar da», defendatu du.

Hori dela eta, burujabetzaren gaia erdigunean mantentzearen alde egingo du EH Bilduk, koordinatzaile nagusiak ziurtatu duenez.

Hitzartzea ixteko, mezu positibo bat helarazi du Arnaldo Otegik: «Egoera larria bada ere, EH Bilduk esperantzaren bandera altxatzen du. Herri txiki honek gauza handiak egiteko ahalmena duelako. Herria martxan jarri behar da, kontziente zeintzuk diren erronkak eta esperantza galdu gabe».