Ordezkagunea plataforma, ikastetxe publikoetan aldi baterako irakasleen plazak esleitzeko erabiltzen dena, martxan dago jada, Lakuako Hezkuntza Sailaren arabera, 16:30ak arte, ikasturtea hasi baino egun bat lehenago, erorita egon ondoren. Webgunearen erorketak eragina izan du plaza libreak eskatu dituzten irakasleengan, dela ordezkapen bidez, dela ikasturte osoko lanpostu hutsen bidez, ezin baitziren plataformara sartu beren plazak kudeatzeko eta bihar eskola non eman jakiteko.
Hezkuntza Saileko iturriek onartu dutenez, «azken egunetan sortu diren 2.300 lanpostu hutsen zati baten esleipenean» izan du eragina arazoak. Era berean, «akatsa errepikatzen ez bada», Hezkuntza Sailak uste du «denbora dagoela ordezkoek bihar zein ikastetxetan lan egingo duten jakiteko».
Astelehen honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakasle eta heziketa bereziko ordezkoek bazuten aukera esleituriko lanpostua ezagutzeko. Ordezkagunea deritzon plataformaren bidez egin behar zuten, baina «arazo teknikoak» izan diren aitzakiarekin, Lakuako Hezkuntza Sailak prozedura bertan behera utzi zuela salatu du LABek.
Asteazken honetan berriz egin behar zutela adierazi zuen Lakuak, lanpostua eskuratu ez zutenek ez ezik, esleitzea lortu zutenek ere bete behar zuten. Ildo horretan, LAB sindikatuak salatu du Hezkuntza Sailak ordezkoekin erakutsi duen «mespretxua» onartezina dela. «Administrazioaren kudeaketa txarraren erruz, ezin izan zuten zegokien lanpostua eskuratu. Ez da esleipen prozesuan arazo teknikoak gertatzen diren lehen aldia; beraz, aurreikuspenez eta denbora gehiagorekin jokatzea exijitzen diogu Hezkuntza Sailari», nabarmendu du sindikatu abertzaleak.
Ildo horretan, ikasturte hasierako ordezkoen esleipena lehenago egin behar dela iritzi du LABek. «Lanpostuak lehenago esleitu behar dira eta ordezkoei ordu gehiago eman behar zaizkie lanpostuak aukeratzeko», adierazi du.
Kudeaketa oker honen ondorioz, nabarmendu du sindikatuak, «antolakuntza arazo larriak sortu ditu Hezkuntza Sailak ikastetxeetan; eta beste behin ere, ordezkoek, klaustroek eta ikasleek pairatuko dituzte ondorioak», salatu du. «Ostegun honetan, ikasle asko eskolara itzuliko dira eta ez dute irakasle eta hezitzailerik izango», gehitu du.
Steilas: «Errespetu falta»
Beste ohar batean, Hezkuntza Sailak ordezko irakasleei adierazten dien «errespetu falta» gaitzetsi du Steilasek, eta gaineratu du horrek «eragin zuzena» duela ikastetxeetan.
Arazoa aurreikusi zitekeela azpimarratu du sindikatuak eta ildo horretan, «sistemak hobekien funtzionatzeko urratsak eman ditzala eskatzen» jarraituko duela ohartarazi du, «baita langileei sortutako kalteak lehenbailehen erreparatzea ere». «Ordezkagunean izandako arazoak ulergaitzak dira», gaineratu du Steilasek.
CCOO Irakaskuntzak, era berean, kudeaketa «onartezina» dela iritzi du, eta «berehalako konponbidea» eskatu du Ordezkagunean erregistratutako akatsen aurrean.
Sindikatuak ohar batean kritikatu duenez, ikasturte honetarako plazak hornitzeko prozesua «hasieratik inprobisazio argia» izan da. «Plazen ezaugarrien etengabeko aldaketekin, esleitutako beste batzuen desagerpenarekin eta prozesuen bestelako kudeaketarekin, parte hartu duten milaka pertsonen pazientzia sumintzea lortu baitute».
EH Bilduk «azalpenak» eskatu dizkio Lakuari
EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek azalpenak eskatu dizkio gaur Hezkuntza Sailari bide parlamentario ofizialetatik plataformak eman dituen akatsak direla eta. Arresek ohartarazi duenez, «akats horien ondorioz hainbat plaza esleitu gabe gelditu dira eta ikastetxeetan antolaketa arazoak etorri dira».
Ordezkaguneak emandako arazoez noiz jabetu den argitzeko ere eskatu dio, baita zenbat langile atera diren kalteturik zehazteko. Ondorioekin argura agertu du EH Bilduko kideak eta zenbat plaza geratu diren esleitu gabe eta «arazoa ahalik eta arinen konpontzeko eta berriz ere ez errepikatzek»o zein neurri hartu dituen galdegin dio Hezkuntza sailari.