Maddi Txintxurreta

Lizar Begoñak ‘Itzalkinak eguzkitan’ proiektuarekin irabazi du Igartza saria

Benidormeko kiosko bat eta bertako belaunaldi ezberdinetako bi langile. Testuinguru horretan kokatuko du Lizar Begoña idazleak Igartza sariari esker garatuko duen ‘Itzalkinak eguzkitan’ eleberria, paperaren eta pantailen arteko munduak erakutsi asmoz.

Lizar Begoña, ‘Gepardo japoniarrak’ poema-liburua aurkeztu zuenean.
Lizar Begoña, ‘Gepardo japoniarrak’ poema-liburua aurkeztu zuenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lizar Begoña (1996) idazle sopelarrak jaso du asteazken honetan 2022ko Igartza saria, bere XXV. edizioan, ‘Itzalkinak eguzkitan’ proiektuarekin. Benidormeko kiosko bat hautatu du eszenatoki gisa eta bertako bi andrazko langileak izango ditu protagonista eleberriak.

Hamaika lanen artean aukeratu du Irati Jimenez, Oihane Amantegi eta Garazi Kamio idazleek osatutako epaimahaiak idazle bizkaitarraren proiektua. Aurretik poesian aritu da Begoña –‘Aro beilegia’ lana argitaratu zuen Balea Zuria etxearekin 2020an eta, aurten, ‘Leopardo japoniarrak’ Susarekin– eta eleberrira joko du lehen aldiz.

Hala, orain urtebeteko epea izango du Begoñak ‘Itzalkinak eguzkitan’ landu eta osatzeko, poesiatik eleberrira lurrartzeko. «Poesia bide oso zuzen bat izan da niretzako, baliabide bat nire pentsamenduak ahalik eta arinen plazaratzeko. Eleberriak beste erritmo bat izango du, gehiago pentsatu beharko dut, baina gogoak nituen diziplina honetan sartzeko, uste dudalako poesiarekin ez naizela iritsiko hain zabala den gai bat lantzeko», azaldu du.

Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argita­le­txeak banatzen duten Igartza saria iragartzeko prentsaurrekoan, Donostiako udal liburutegian, eman ditu Begoñak ‘Itzalkinak eguzkitan’ lanaren zertzelada batzuk. Benidormeko kiosko bat izango da eleberriaren «nukleoa» eta han lanean ari diren bi emakume izango ditu protagonista.

Paperezko langilea eta langile digitala

65 urte ditu batek, paper artean sortua eta sartua izango da. Berak, familiarekin batean, ireki zuen kioskoa, Benidormek boom turistikoa bizi zuen garaietan. Ez du guztiz ulertuko, alta, pantailetara emana den orainaren errealitatea, hainbat kiosko itxiarazi eta egunkariak findu dituena.

Ez, bederen, bigarren protagonistak bezain ondo. Sare sozialetan, pantailetan, sartua da 27 urte inguru dituen beste hau –«nire adinekoa», esan du Begoñak–, belaunaldi berriaren ordezkari. Belaunaldi baten eta bestearen artean nola, paperaren eta digitalizazioaren artean den inflexio puntua edo kontrastea irudikatuko du Benidormeko kioskoak.

«Kioskoa orainaldi erreala izango da, kontakizuna beti itzuliko da kioskora. Baina oroitzapenak edo etorkizunerako pentsamenduak bertan gertatuko dira», azaldu du sopelarrak.

Umoretik nahiz gordinetik

Nobelaren kapitulu bakoitzak protagonistetako baten lan-jarduna kontatuko duela azaldu du Lizar Begoñak. Andrazkoek kiosko barruan pentsatzen dutena, saltoki barrutik zer ikusten duten kanpoan. Promestu du, gainera, eleberriak umore eta ironia zantzuak izango dituela, turistifikazioaren osteko paisaia «hits» bat erakusten duen Benidormen, bandera espainolak, zezenak eta bestelako souvenir-ak saltzen dituen kioskoan.

Bestalde, idazketa estilo berezia emango die Begoñak protagonistek lehen pertsonan kontatuko dituzten istorioei. «Arauak apurtu» edo, bestela esanda, «hizkuntzarekiko errespetu falta» landuko duela esan du, baina «modu kontzientean». Aurora Venturini idazle argentinarraren ‘Las primas’ lana aipatu du idazkera «gordin» horren erreferentzia gisa.