NAIZ

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 56. edizioko irabazleak ezagutarazi dituzte

Gaur goizean jakinarazi dituzte Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 56. edizioko irabazleen izenak. Inoizko parte-hartzerik handiena izan duen edizioko lau modalitatetan aurkeztutako 862 lanen egileen arteko onenak hautatu ditu epaimahaiak.

Sarietako irabazleen iragarpena
Sarietako irabazleen iragarpena (SantiagoFarizano)

Gaur goizean, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean izandako ekitaldian, Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien irabazleen izenak jakinarazi dituzte. Literaturaren sorkuntza eta hedapena sustatzeko helburua duten sariok lau modalitate dituzte, eta 2022ko apirilaren 11ra arteko epean denera aurkeztutako 862 lanen egileen artean, honako hauek dira, epaimahaiak saritu dituenak:

Gaztelaniazko kontakizun-liburua modalitatean, Fernando Villamia Ugarte, Alacantekoa, ‘Los Dioses de Quince años’ obrarekin. Gaztelaniazko antzerkia modalitatean, Mª Eugenia Salaverri Garcia bilbotarra gailendu da, ‘Lejos de Cafarnaum’ lana aurkeztuta.

Euskarazko kontakizun-liburua modalitatean, Karmele Mitxelena Etxebeste oiartzuarraren ‘Haragiko Mamuak’ saritu du epaimahaiak. Eta euskarazko antzerkia modalitatean, Iñaki Cid Larreak, Donostiakoak, antzezlan onena aurkeztu du: ‘Behin batean Loiolan’.

Epaimahaia osatu dutenen izenak aski ezagunak dira: Luisa Etxenike, Marcelo Lujan, Angel Basanta, Espido Freire (gaztelaniazko kontakizun-liburua); Jose Antonio Vitoria, Teresa de Jesus Calo, Ane Gabarain, Fernando Bernues, Isidoro Fernández (gaztelaniazko antzerkia); Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi, Jon Kortazar (euskarazko kontakizun-liburua), Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti eta Dorleta Urretabizkaia (euskarazko antzerkia).

Inoizko parte-hartzerik handiena

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarietara edozein nazionalitate, jatorri edo bizilekutako egileak aurkez daitezke, eta 56. edizio honetako parte-hartzea inoizko handiena izan da. Aurkeztu diren 862 lanetatik 828 gaztelaniazko kontakizun eta antzerki modalitateetakoak dira, eta 34 euskarazko kontakizun eta antzerki modalitateetakoak; zehatzago, gaztelaniaz 482 kontakizun eta 346 antzerki lan, eta euskaraz 19 kontakizun eta 15 antzezlan.

Lehiaketa honetako sariak obraren edizioa eta argitalpena, garaikurra eta 15.000 euro dira, eta datorren azaroaren 19an jasoko dituzte irabazleek Donostiako Principal Antzokian.