NAIZ

«Agerreko euskararen aldeko indarrak batu asmoz», topaketa batzuk antolatu dituzte Azkoienen

Azaroaren 5ean, Azkoienen, Agerraldiak «esperientziak elkartrukatzeko eta helburu konpartituez eztabaidatzeko giroa» sortu nahi du, «iraganetik ikasteko eta etorkizuna elkarrekin asmatzeko».

Nafarroa erdialde eta hegoalde zabalean, erromatarrek Ager vasconum deitu zuten eremuan alegia, euskarari hauspo berria eman nahi dion mugimendua da Agerraldia eta orain topaketa batzuk antolatu dituzte, Azkoienen, azaroaren 5ean. «Agerreko euskararen aldeko indarrak batu eta biderkatzea da gure nahia; orain arteko euskalgintzaren ahaleginak sendotu eta ahalgin berriei bide egin nahi diegu, bi eta bi lau baino gehiago izan daitezkeela sinetsita gaudelako», adierazi du Errigorak ohar baten bidez.

Egun horretarako egitarau luze eta zabala prestatu dute Agerraldiko kideek. Hasteko Agerreko euskal komunitatearen inguruan EHUk egin duen ikerketa aurkeztuko dute, ondoren ‘Agerraldiaren uzta’ hitzaldia eskaintzeko. Lan-taldeetan gogoetak egiteko unea ere izanen da era bazkaldu aurretik. Arratsaldean, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots izanen dira, txiki zein helduen gozamenerako, baita pilota partidak ere. Egunari amaiera Tatxers, Skabidean, Odolkiak ordainetan eta Neskatasuna taldeen kontzertuekin jarriko zaie amaiera.

Zentzu horretan, «Agerreko euskaldun eta euskaltzaleok bat egiteko garaia» dela uste dute. «Ez, noski, denok berdin aritzeko, baizik eta nork bere eremuan eta bere tresnen bidez sokaren mutur beretik tira egiteko. Izan ere, gure eremu zabalean euskarak dituen erronka erraldoiei eusteko ezinbestekoa izanen zaigu euskalgintzaren lehentasunak adostea eta norabidea bateratzea». Zentzu horretan, nabarmendu egin dute «badakigula gai korapilatsuegiak direla horiek berehalakoan askatzeko, baina Azkoiengo topaketak galderak mahai gainera ekarri eta erantzunak topatzen hasteko lehen saiakera izatea» nahi dute. Bertan «esperientziak elkartrukatzeko eta helburu konpartituez eztabaidatzeko giroa» sortu nahi dute, «iraganetik ikasteko eta etorkizuna elkarrekin asmatzeko».

Argi dugu bertatik zehaztu behar direla Agerrean euskarak dituen erronkak, eta erantzunak ere Agertzaileen eskutik etorri behar direla. Geuk ezagutzen ditugu gure beharrak, gaitasunak eta aukerak, eta geuk erabaki behar dugu horiekin zer egin. Beraz, Azkoienen Agerreko euskaldun eta  euskaltzaleak batzea dugu helburu, tokian toki euskararen alde ari garenak zein aritzeko prest gaudenak. Guztiok batu eta elkar ezagutzea dugu asmo, elkarrekin pen­tsatzeko eta elkarrekin gozatzeko.