Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Nerea Ibarzabalen ‘Bar Gloria’: Taberna barraren inguruan piztutako harremanak eta ametsak

Baserritik hirira aldatu da Lopetegi familia, Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlearen ‘Bar Gloria’-ren protagonistak; gurasoak eta lau seme-alabak. Nekazal izaera duen taberna zabaldu dute industriaren erritmo bizian mugitzen den gizarte baten erdian, eta goizetik gaueraino jendez beteta dago.

Nerea Ibarzabal Salegik ‘Bar Gloria’ aurkeztu du.
Nerea Ibarzabal Salegik ‘Bar Gloria’ aurkeztu du. (Maialen Andres | FOKU)

1980ko hamarkadan kokatutako eleberria sortu du Nerea Ibarzabal Salegik, bere izenaz sinatzen duen lehena idazketan eskarmentua badu ere. Nekazal gune batetik industrializatutako hiri batera aldatzen den Lopetegi familia du erdigunean, eta liburuari izena ematen dion ‘Bar Gloria’ (Susa).

Bortxaketa batek abiatzen du trama, baina tabernaren atearen bi aldetan gertatzen direnak hori baino gehiago dira. Hala, Leire L. Ziluaga editoreak aurkezpenean azaldu bezala, nobelak askotariko gaiak lantzen dira: lana eta honen inguruan sortzen diren loturak, beharrak eta nekeak; desira esplizitua zein ihes egiteko desira; komunikazioa; gizonkeria; maitasuna; gaixotasuna; eta aipatu nahi izan ez dituen beste kontu batzuk, testuan gauza batzuk iradoki egiten baitira, baina irakurleak osatu beharko du argazkia emandako datuekin.

Patxi eta Bixenta gurasoak, Ana, Raquel, German eta Miren seme-alabak, eta Miguel tabernan txikitatik lanean aritu dena dira protagonistak, batez ere Ana, Raquel eta Miguel, tabernan lana egitearen ondorioz betiko lotu direnak. Hiruren gaztaroa deskribatzen da batez ere, urte bereko udaberritik udazkenera igarotakoak, baina haurtzarora eta helduarora salto egiten du narrazioak, izan zirena eta izango direna ere erakutsiz.

Paisaia urbanoa eta nekazal tradizioa

Ibarzabalek duela bi urte izan zuen eleberrirako ideia, eta idazten hasi aurretik pertsonaiak eta aipatzen lekuak nortasunez busti zituen; jendeak egiten eta esaten dutenaz gain, isiltzen dutenak ere garrantzia du.

«Bizimodu aldaketa erradikal batera presaka egokitu behar izan dutenen istorio bat da ‘Bar Gloria’», adierazi du idazleak eleberria laburtuz. Bertan, bi elementu nagusi desberdintzen dira: «Paisaia urbanoa batetik, hazten ari den herri baten borborra eta ugaritasuna, lantegietako txanda aldaketako jende oldeak, goizerdiko banatzaileak, sukurtsaletako langileak, garraiolariak. Eta bestetik nekazal tradizioa. Lopetegi familiaren baserritar jatorriak erabat baldintzatzen ditu haien oroitzapenak, ohiturak eta tabernaren beraren irudia eta izaera, inguruko herrietako landa eremuetako jendea erakartzen duena».

Lanak harrapatutako jendearen bizitza kontatu nahi du Ibarzabalek, «hara eta hona dabiltzan bitartean filmatu». Erakutsi nahi izan du «nola esku bustien eta hanka minberatuen gainetik, haiek direna izateko indarrari  eusten dioten, nola amesten duten, noiz  eta zergatik hautatzen duten amiltzea edo altxatzea, eta zenbateraino dagoen hori haien esku».

Gizonezkoek menderatutako espazioak deskribatzen dira, eta haien begiradapean hazi dira Gloria tabernako zerbitzariak, «haien eskura, haien elkarrizketak entzunez eta haiek esandakoari erantzun edo ez erabaki ezinda».