Datorren ostiralean, irailak 16, Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioa hasiko denez, gurean ikus-entzunezkoen alorrean urteko gertakizun garrantzitsuena, kultur ekitaldi honetan euskarak duen presentziaren inguruko irakurketa partekatu du asteartean Pantailak Euskarazek.
Era berean, Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldira Euskal Herriko zein Espainiar Estatuko kultur arduradun nagusiak bertaratu ohi direnez, «erakunde hauei euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko pausoak eman ditzaten eskatzeko», elkarretaratzea deitu du ostiralerako, irailak 16, 19.30etan Donostiako Kursaal parean, ‘Pantailak euskaraz, gure eskubidea’ lelopean.
Pantailetan euskarak bizi duen egoera tamalgarriarekin kezkaturik dagoen herritar oro, bertan parte hartzera animatu nahi dute.
Zinemaldia, datuetan
2022ko zinemaldiak izango dituen 600 emanaldiak banan-banan aztertu ondoren, azaleratutako datuak «gordin bezain kezkagarriak dira», kultur ekimen honen ustetan. Datuen arabera, 573 emanalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 5 emanaldik izango dute, eta elebidun edo hirueledunak direnak beste 11 izango dira.
Euskarazko azpidatziak izango dituzten saioak, berriz, 37. Eta euskarara bikoiztuta, haurrentzako 5 saio egongo dira.
Hau da, orotara, emanaldien %10,1 izango da euskaraz, eleanitza, edo euskarara azpidatzita. «Kontuan izan behar da Zinemaldiko araudiaren 6. artikuluak emanaldi guztiak gazteleraz edo gaztelerazko azpidatziekin ikusi ahal izatea ezartzen duela, baina ez dio ezer euskaraz ikusteko aukera bermatzeari buruz –gogorarazten du Pantaila Euskarazek. Beraz, emanaldi guztiak gazteleraz edo gaztelerazko azpidatziekin eskainiko dira».
Zinemaldiko sail bakoitzean euskarak izango duen presentzia horrela laburbiltzen dela diote:
Sail Ofiziala: 109 emanalditik, 0 euskaraz edo euskarazko azpidatziekin.
New Directors: 63 emanalditik, 12 euskarazko azpidatziekin.
Horizontes Latinos: 50 emanalditik, 2 euskarazko azpidatziekin.
Zabaltegi: 102 emanalditik, 16 euskarazko azpidatziekin.
Perlak: 82 emanalditik, 4 euskarazko azpidatziekin.
Nest: 18 emanalditik, 2 euskaraz.
Culinary Zinema: 14 emanalditik 2 euskarazko azpidatziekin.
Made in Spain: 31 emanalditik, 0 euskaraz edo euskarazko azpidatziekin.
Zinemira: 19 emanalditik, J.B. elebiduna/hirueleduna 8, J.B. euskaraz 2.
Haur Zinema: 5 emanalditik, 5 euskarara bikoiztuta.
Atzera Begirakoa (Claude Sautet): 32 emanalditik, 6 euskarazko azpidatziekin.
Belodromoa: 6 emanalditik, 1 euskaraz.
Klasikoak: 5etik 0.
Galak eta gainontzeko atalak: 37tik, 4 J.B. elebidun.
«Nekez uler daiteke hainbeste diru publikorekin ospatzen den ekitaldi honetan, bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, euskarak, eta beraz, euskaldunok, horrelako diskriminazioa jasatea», dio komunikatuak. Eta hauxe gogorarazten du: 10/1982 Legeak (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa), bere hirugarren kapituluan (Euskararen erabilera hedabideetan) dio «Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino», besteak beste, zineman eta ikusentzunezko grabaziotan.
Lege honek 40 urte egingo ditu laster, eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ere ez dira betetzen, salatu nahi du Pantailak Euskarazek.
Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere, bere 12.c) artikuluan dio Estatuei dagokiela «beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da», dio.
Diskriminazioaren ispilu
Halere, datuak orokorrean dira kezkagarriak. «Zinemaldian euskararen presentzia %10ekoa da, baina Euskal Herri osoko zinema aretoetan urtean zehar estreinatzen diren filmen %1 soilik estreinatzen da euskaraz. EITB telebista publikoan ere ez dago ia euskarazko zinema eskaintzarik, eta merkatuan nagusi diren streaming plataformetan ere, euskararen presentzia oso txikia da, azken alor honetan (Netflix eta Primevideon, zehazki), ekimenaren lanari eta herritarren bultzadari esker, aurrerapauso batzuk lortu diren arren», aipatzen du kultur ekimen honek.
Zinemetan, zinema jaialdietan, telebistan zein plataformetan euskaldunok bizi dugun diskriminazioarekin amaitzea erakundeen ardura dela uste du Pantailak Euskarazek; horretarako, «Euskal Herrian bertan irizpideak ezarri daitezke zinemaldien hizkuntza betebeharrei dagokienez eta telebista publikoan euskara lehenesteari dagokionez; euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratutako aurrekontua handitzea eta euskarazko bikoizketararako dirulaguntza lerro berriak sortzea ere euskal herriko administrazioen esku dago; eta zinema aretoetan hizkuntza kuotak ezartzea ere legez egin daitekeen zerbait da, filmen erdia, gutxienez, euskaraz, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eman daitezen».
Bide batez, Zinemaldiaren arduradunekin elkartu eta datorren urtera begira euskararen presentzia nola areagotu daitekeen aztertu eta proposamen ezberdinak egiteko prest agertu da Pantailak Euskaraz.
Pantailak Euskaraz ikus-entzunezkoen mundu zabalean euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek iazko ekainean sortu zuten mugimendua da: Disney+Euskaraz, Netflix euskaraz, Zinemak Euskaraz, Tinko Euskara Elkartea, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea. Haien helburua pantailetan euskarak duen presentzia biderkatzea da, euskarak etorkizun osasungarri bat izateko funtsezkoa dela uste baitute ekimenaren sustatzaileek.