Egun euskararen ezagutza %8koa da Baiona-Angelu-Biarritz hirigunean. Alta, erabilpen maila askoz apalagoa da oraindik, %1,6koa. Hala eta guztiz ere, 15.800 euskal hiztun biltzen dira Ipar Euskal Herriko biztanleriaren herena metatzen den BAB hirigunean.
Datuekin jarraituta, 2.500 haur eta gazte ama eskolatik lizeora pasatzen dira eta 600 bat helduk ikasten dute gau eskoletan.
Euskararen egoera larria bada ere urte osoan zehar muturreko diglosi hori gainditzeko lanean jarduten dute erakunde eta eragile anitzek. Elkarteen sostengua aintzat hartu gabe ezinezkoa litzatekeelako Mintzalasai bezalako ekimena martxan ematea.
Ikasturte hasierarekin dator aste osoko ekimenen bidez euskarazko eskaintza azkarki plazaratzeko parada eskaintzen duen festibala.
Gaur goizean aurkeztu dute Biarritzen. Aurten irailaren 19tik 25era iraganen da eta 54 ekintza antolatu dituzte, tokiko 51 elkarteekin lankidetzan.
Aurtengo edizioa berezia da, ez soilik covid-19ak eragindako geldialdia gainditu ostean berriz ere plantan emanen delako euskara biziarazteko nahikeria duen festibala, baizik eta Mintzalasai ekimena bere hamargarren urtemugara helduko delako.
Ezinbestean, urtemuga behar bezala markatzeko Mintzalasaik egitarau oparoa prestatu du zazpi egunetarako. Tailerrak, jokoak, ipuin kontaketak, formakuntzak, mintzaldiak edota dokumental emankizunak izanen dira.
‘Gogoetarako tarteak’
Aurtengo edizioa aurkezteko aukeratutako lokalean, Social Bar-en, Irailaren 20an ‘gogoetarako tarteak’ antolatuko dituzte. Goizeko 9.00etatik 14.00etara euskararen aldeko diskurtso berriak aztertuko dituzte, Euskal Elkargoaren, Hendaia eta Biarritzeko Herriko Etxeen eta Erabil kolektiboaren ordezkarien parte-hartzearekin. Arratsaldean, berriz, Idurre Eskisabel irakasleak eta idazleak Eusko Ikaskuntzak Baionan duen egoitzan mintzaldia eskainiko du ‘Euskara eta feminismoa’ gaia ardatz harturik.
Hilaren 23an, Berriz, Biarritzeko Marion aintziran ‘Koloreen besta’ iraganen da arratsalde osoan zehar, tartean Oreka Zirkoak tailerrak proposatuko dituelarik. Bestetik, bertsu saioa izanen da Baionako Biltxoko elkartean. Saioan kantatuko dute Nahia Sasco, Iker Altuna eta Oier Urreiztik.
Egun berean, La La La Xiberoko taldearen kontzertua izanen da Coffee Muxun, jendea dantzan jartzeko xedearekin.
Besta handia Marion lakuan
Asteburuan bi ekimen nagusi izanen dira. Hala, irailaren 24an, Glisseguna eginen dute Angeluko Barran, lerra kirolak eta euskara uztartzeko.
Mintzalasai festibalak igandean borobilduko du bere egitaraua, Biarritzeko Marion aintziran «familian eta lagun artean» egun osoko besta eginez.