NAIZ

Energia komunitate berria iragarri dute Lasarte-Orian, mila erabiltzaile hornitzeko xedearekin

Gipuzkoako foru Aldundiak iragarri duenez, tokiko energia komunitate bat sortuko dute Lasarte-Orian. Udalerriko 1.000 familia eta denda hornituko ditu, eta horri esker, argindarraren fakturan %30 aurreztuko dute.

Lasarte-Orian erakundeek antolatutako agerraldia.
Lasarte-Orian erakundeek antolatutako agerraldia. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Tokiko energia komunitate (TEK) berri bat sortuko dute Lasarte-Orian. Gipuzkoako foru Aldundiaren arabera, mila familia eta denda hornituko ditu, eta horri esker, argindarraren fakturan %30 aurreztuko dute. Ohar batean azaldu duenez, udalak lagatako sei estalki izango ditu TEKak, eta bertan panel fotovoltaikoak jarriko dira. «Instalazio horiek estrategikoki hautatuta daude udalerriko auzo eta eremu guztietara energia garbi eta berriztagarrirako sarbidea bermatzeko autokontsumorako erregimenean», gaineratu du.

Plakak eremu hauetan jarriko dira: Michelin kirol gunea, Garaikoetxea Landaberri ikastola, Sasoeta ikastola, Zumaburu ikastetxe publikoa, Zabaleta frontoia eta Basaundi auzoa. Sei instalazio horiek 4.700 metro karratuko azalera erabilgarria izango dute; 1.476 plaka jarriko dira guztira eta 545 kilovatio (kW) inguruko potentzia emango dute.

Proiektu honek, guztira, 650.000 euroko aurrekontua du; horietatik 455.000 euro Next Generation funtsetatik datoz, eta gainerakoa, Lakuako Ingurumen Departamentutik eta Lasarte-Oriako Udaletik. 

«Zenbatekoak, TEKek eskatzen duen instalazioaz gain, erabiltzaileentzako aplikazio bat abian jartzeko, komunitatea hedatzeko eta sortzeko prozesua barne hartzen du, hain garrantzitsua eta asmo handikoa den ekimen bat bere osotasunean bikaintasun mailara eramateak dakartzan zenbait adibide aipatzearren», azpimarratu du Aldundiak.

Basaundi auzoa

Bestalde, Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailak antzeko ezaugarriak dituen instalazio bat bultzatuko du Basaundi-Bailaran.

850.000 euro gehiago inbertituko ditu 1.100 metro karratuko eremu batean 266 eguzki plaka jartzeko aukera emango duen instalazio bat eraikitzeko udal lurzoruan, 120 kW-ko potentzia emateko gaitasuna izango duena, eta 180 erabiltzaile inguru izango dituena auzoko etxebizitza eta saltokien artean.

Aldundiak azaldu duenez, «era berean, bateriak instalatuko dira, gehiegizko energia bildu eta biltegiratu ahal izateko eta, horrela, baliabidea ahalik eta hobekien optimizatzeko».