SPONSORED CONTENT

Urretxuk eta Uhartek jaietako ilusioa berreskuratuko dute

Iraila aurrera doan honetan, beste bi herrik jaietako ilusioa berreskuratuko dute bi urteko etenaldiaren ondoren: Urretxuk eta Uhartek. Batean zein bestean, egitarau zabala osatu dute herriko pertsona eta eragile askoren lanari esker.

Urretxuko kuadrillen eguna astelehenean ospatuko da.
Urretxuko kuadrillen eguna astelehenean ospatuko da. (Luis Jauregialtzo | FOKU)

Urretxun 16tik 19ra ospatuko dituzte aurtengo jaiak, aurreko urteetako egitura mantenduz baina ilusio berpiztuarekin. Txupinazoa ostiral honetan bertan (irailak 16) botako dute Aspaceko kideek eta segidan herriko musika taldeak kaleak girotzen hasiko dira: txistulariak, dultzaineroak, trikitilariak, musika banda eta txarangak.

Larunbatean (irailak 17), ohiko beste ekintza bat berreskuratuko dute, Urretxuko baserrietako abelgorrien erakusketa eta lehiaketa. Ekitaldi honen inguruan, aurten ere ez dira faltako "Asmatu txekorraren pisua" lehiaketa famatua, zezentxoak edota idi-probak. Gastronomia lehiaketak ere 44. edizioa beteko du, aurten "Galeperrak Pedro Ximenez erara" prestatu beharko dituzte sukaldariek, eta arratsaldez txistularien alardea izango da. Eguna Zelanda eta Reincidentes taldeen kontzertuekin amaituko da.

Igandean (irailak 19) euskal jaia ospatuko dute eta horretarako, baserritarrez janzteko deia egin die Udalak herritarrei. Egun honen inguruan antolatu dira, besteak beste, artisau erakusketa, bertso saioa, erromeria, karrozeroen ibilaldia, bazkaria, euskararen aldeko kandela piztea edota Huntza taldearen emanaldia.

Astelehena (irailak 19) kuadrillen eguna izango da eta, goizean txikienentzat antolatu diren parkea, moto eta patinete lasterketa edo zezentxo eta ponien ondoren, herri bazkaria egingo da. Arratsaldez, ohikoa den bezala, kuadrillen arteko sokatira saioak izango dira, eta jaiei amaiera emateko, dantzaldia Iparragirre Balerdi musika tailerreko bandaren eskutik eta ohiko kantu afaria.

Txosna batzordeak ere musika egitarau zabala prestatu du lau egun hauetarako Areizaga-Kalebarren plazako txosnagunean. Ostiralean Zaunka taldea izango da ilunabarrean eta Habi, John Dealer & The Coconuts eta Herengun gauean. Larunbatean Joseto ta Alayak elektrotxaranga iluntzean eta Gilda, Rukula, DJ Keixi eta DJ Muri eta Kizt gauean. Igandean Laiotz taldearekin erromeria izango da gauean eta ondoren DJ Bull; eta astelehenean, jaiak amaitzeko, DJ Xagardo iluntzean.

Urretxuko establezimendu laguntzaileak: Eitza Consulting, Carrocerías Urretxu, Entzun audifonoak, Prest Lan bertikalak

Erraldoi eta gaiteroak ia egunero ibiliko dira kalez kale Uharteko jaietan. (Idoia Zabaleta / FOKU)

 
Uharten suziria larunbatean

Uharten, berriz, larunbatean botako dute besta hasierako suziria, aurten etxez etxeko laguntza sarearen eskutik, eta egitaraua bederatzi egunez luzatuko da, hurrengo igandera arte (irailak 25).

Ohikoa den bezala, aurtengo egitarauan denetarik egongo da: herri bazkariak, zezen eta behi suzkoak, haurrentzako ekintzak, larrain dantza, herri kirolak eta herri kalderetea, besteak beste.

Datorren astebururako, berriz, garagardo besta, pintxo lehiaketa, herri afaria, gazte gunea, paella jatea, San Estebaneko ohiko jaitsiera, karropoteoa edo bermut musikatuak daude iragarrita, besteak beste.

Musika arloari dagokionez, honako taldeen emanaldiak izango dira: Tximista taldea San Juan plazan eta Against You, Nafarroa 1512, Nikotina eta DJ Little Martin Selektah Plazaldeako patioan (larunbata 17); Goxuan Salsa San Juan plazan eta Sparto Plazaldeko patioan (igandea 18); Biziraun taldea Plazaldeako Patioan, Duo Imperial eta txistulari eta gaiteroak Ferial plazan eta herri karaokea, DJ Kino eta DJ Pantxo Plazaldeako patioan (atselehena 19).

Kontzertuak datorren ostiralean itzuliko dira: Uharte Kantuz, Atxajaunak, Replikantes eta DJ P.Dro San Juan Plazan eta Unidad Alavesa, Zopilotes Txirriaos, Iheskide eta DJ Sisto Plazaldeko patioan (ostirala 23); La Banda del Desagüe Ferialeko plazan, Lausoka, Zinez, Euskabaret eta Trikidantza Plazaldeko patioan, eta On-Fiesta San Juan plazan (larunbata 24); eta Puro Relajo eta txistulari eta gaiteroak San Juan plazan (igandea 25).

Uharteko establezimendu laguntzailea: Microlan Aerospace