NAIZ

Eredu «pribatizatzailea» mantentzen duen Hezkuntza Legeari desadostasuna agertu dio Steilasek

Steilas sindikatuak elkarretaratzea egin du Bilboko Hezkuntza Delegaritzaren aurrean, EAEko Hezkuntza lege-proiektuarekin desadostasuna agertzeko. Besteak beste, salatu du Lakuak ez duela bultzatu sindikatu eta eragile sozialen parte-hartzea.

‘Ez saldu hezkuntza publikoa, Hezkuntza Lege toxiko honi ez!’ lelopean elkarretaratzea egin du Steilasek.
‘Ez saldu hezkuntza publikoa, Hezkuntza Lege toxiko honi ez!’ lelopean elkarretaratzea egin du Steilasek. (STEILAS)

Steilas sindikatuak elkarretaratzea egin du astelehen goizean Bilboko Hezkuntza Delegaritzaren aurrean, adierazteko Lakuak hilaren 14an aurkeztu zuen Hezkuntza lege-proiektuaren zirriborroak ez duela izan sindikatu eta eragile sozialen parte hartzerik eta egungo hezkuntza sistemaren izaera «pribatizatzailea» mantenduko duela.

‘Ez saldu hezkuntza publikoa, Hezkuntza Lege toxiko honi ez!’ lelopean gauzatu duten elkarretaratzean, salatu dute Lakuako Hezkuntza Sailak sindikatu eta eragile sozialekin eztabaidatu gabe aurkeztu duela Hezkuntza Legearen zirriborroa. «Orain arte hainbat eragile sozialek eta Steilasek espresuki publiko egin ditugun ekarpen eta salaketek ez dute islarik dokumentuan», agertu dute sindikatuko bozeramaileek. 

Salatu dute, gainera, testuak ez duela Euskal Eskola Publikoa lehenesten eta, beraz, orain arte bezala, EAEko hezkuntza sistema «ez da zuzendu» eta «guztiz pribatizatzailea izaten jarraitzen du». «Honen adibide argiak dira planifikazio edo itunen aginduak, zeintzuen ondorioz ikastetxe publiko asko itxiko diren», adierazi dute.

Kritikatu dute, halaber, lege-aurreproiektuak ez duela euskara erdigunean jartzen eta «ikastetxe pribatuen biziraupena bilatzen duen» legea denez gero, segregazioa areagotuko duela.

«Hezkuntza sistema pribatizatu nahi dutela agerikoa da. Dualtasuna betikotzeko trikimailu bat besterik ez da aurkeztu duten proiektua, egiturazko aldaketarik ez duten sasineurri zuzentzailez osatuta», salatu du Steilasek.