NAIZ

Errusiaren iritziz, «une honetan» ezin zaio irtenbide diplomatiko bat eman Ukrainako gerrari

Ukrainako gerra hasi zenetik ia zazpi hilabete pasa direnean, Errusiako Gobernuak adierazi du «une honetan» ezin zaiola gatazkari irtenbide politiko edo diplomatiko bat eman.

Kupiansken, irailaren 19an hartutako irudia.
Kupiansken, irailaren 19an hartutako irudia. (Yasuyoshi CHIBA | AFP)

Kremlinek astearte honetan adierazi duenez, «une honetan» ez da posible Ukrainako gerrari irtenbide politiko edo diplomatiko bat ematea. Vladimir Putin Errusiako presidentearen eraso aginduak otsailaren 24an abiarazi zuen guda ia zazpi hilabetetan luzatu da dagoeneko, eta azken asteotan Ukrainako Armadaren kontraeraso batzuek markatu dute.

«Une honetan aukera hori ez da agerikoa», esan du Dimitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak, Interfax albiste agentzia errusiarrak jakinarazi duenez, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak tropa errusiarrek «bi aukera baino ez dituztela» ohartarazi ondoren: «Gure lurretik ihes egitea edo amore ematea».

Zentzu horretan, «etsaiak egoera kontrolpean mantentzeko neurri zorrotzak» hartzen jarraitzen duela salatu du Ukrainako Armadaren Estatu Nagusiak. «Ukraina osoan bonbardaketen eta misilekin egindako erasoen mehatxua dago oraindik», ohartarazi du. «Etsaiak defentsaren antolaketan eta okupatutako lurraldeak mantentzen jarraitzen du, Donetsk eskualdea erabat okupatzen eta zenbait zonaldetan defentsa indarren ekintza aktiboak aldatzen», zehaztu du.

Ohar berean adierazi duenez, Ukrainako bajen kopururik eman gabe, 55.000 militar errusiar inguru hil dira guda hasi zenetik, azken 24 orduetan izandako liskarretan 160 hildako izan direla kontuan hartuta.

Putinek berak Donetskeko eta Luhanskeko errepubliken independentzia onartu eta egun batzuetara piztu zen gerra. Donbasen (ekialdean) daude errepublika horiek, eta gatazka armatu baten eszenatokia da 2014tik.