NAIZ

Deustuko Unibertsitateak ikasle berrien errekorrarekin ireki du ikasturtea

Deustuko Unibertsitateak iaz baino %20,55 ikasle berri gehiagorekin ireki du 2022-2023 ikasturtea, 2.467. Gainera, datorren ikasturtean bi gradu online eskainiko direla jakinarazi du Jose Maria Guibert errektoreak.

Jose Maria Guibert errektorea eta Iñigo Urkullu Lehendakaria, ikasturte berriaren irekiera ekitaldian.
Jose Maria Guibert errektorea eta Iñigo Urkullu Lehendakaria, ikasturte berriaren irekiera ekitaldian. (Deustuko Unibertsitatea)

Iaz baino %20,55 ikasle berri gehiagorekin ireki du ikasturte berria Deustuko Unibertsitateak. Horrela, ikasle berrien errekorra lortu du, 2.467 ikasle matrikulatu baitira aurten. Zuzenbidea eta Informatikako Ingeniaritza graduak 2023-2024 ikasturtean online eskainiko dituztela iragarri dute ere bai asteazken honetan egindako kurtsoaren irekiera ekitaldian.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Lakuako Hezkuntza sailburu den Jokin Bildarratz lagun zuela, Deustuko Unibertsitateko 2022-2023 ikasturtearen hasiera-ekitaldian buru izan da. Honetan, unibertsitatearen bikaintasunaren oinarria nazioarteko lankidetzan datzala adierazi du, eta, horregatik, unibertsitate-sistemaren plan berriak nazioartekotzearen ardatza indartuko duela bereziki.

Joseba Segura Bilboko gotzainak zuzendutako eukaristia baten ondoren, Stella Solernou idazkari nagusiak 2021-2022 ikasturteko memoria akademikoa irakurri du, eta, ondoren, Felipe Gómez Zuzenbide Fakultateko katedradunak Garapen iraunkorraren helburuak: belaunaldi barneko eta belaunaldi arteko kontratu sozial berri baterantz' izeneko inaugurazio hitzaldia eskaini du.

Jarraian, errektoreak «unibertsitate-komunitate osoaren konpromisoa sendotzea funtsezkoa» dela azpimarratu du, batez ere «askatasuna, justizia eta elkartasun oinarri izanik gizartea eraldatzea» nahi duen proiektu batekin.

Eskaintza berria

Ikasturte honetan Erizaintza eta Ingeniaritza Biomedikoko graduak ematen hasi dira, eta, Donostiako campusean, Informatika Ingeniaritza, Datuen Zientzia eta Adimen Artifiziala eta Ingeniaritza + Datuen Zientzia eta Adimen Artifizialeko gradu bikoitza.

Gainera, ikasturte honetarako, Ingeniaritza Fakultatea orain hamar ingeniaritza desberdin eskaintzen dituen politekniko bihurtu dute, eta bi fakultate sortu dituzte: Osasun Zientziak, batetik, eta Hezkuntza eta Kirol Zientziak, bestetik.

2023-2024 ikasturterako berritasunen artean, Bilboko eta Donostiako campusetan Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Nazioarteko Harremanak gradu bikoitz berria abiaraztea eta Donostian Nazioarteko Harremanak + Zuzenbidea gradu bikoitza ezartzea aurreikusten da. Gainera, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua osorik ingelesez ikasi ahal izango da.