NAIZ

Bake Bidea eta Bakegileak: «Erabaki hau lurralde honen mobilizazio azkarraren ondorioa da»

Bake Bideak eta Bakegileek eginiko deialdiari jarraituz elkarretaratzeak egin dituzte ostegun honetan iluntzean Maulen, Donibane Garazin, Baionan eta Donibane Lohizunen. Ezberdinen arteko engaiamendua eta gizartearen mobilizaziori esker heldu dela Esnal eta Paroten aldeko erabakia nabarmendu dute.

Donibane Lohizunen egindako elkarretaratzea.
Donibane Lohizunen egindako elkarretaratzea. (Bob EDME)

Ostegun honetan iluntzean Maulen, Donibane Garazin, Baionan eta Donibane Lohizunen elkarretaratzeak egin dituzte Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot presoei dagozkien auzien emaitza ezagutu aitzin Bake Bideak eta Bakegileek eginiko deialdiak jarraituz.

32 urte preso eman ondoren Esnal eta Parot ondoko astetan presondegitik aterako direla jakin eta ordu gutxitara eginiko mobilizazio horietan jendea anitz bildu da.

Bake Bideak eta Bakegileek jendearen aurrean oroitarazi dutenez, «urte luzeetan espero izan dugun keinua iritsi da, baina inongo faborerik gabe». Hala abokatuen lanari esker eta herritarren mobilizazioari esker lortu dela justiziaren erabakia azaldu dute antolatzaileek.

Bost urtez iraun duela Esnalek aurrera eraman duen bigarren prozedura eta Parotek sei aldiz eskatu behar izan duela baldintzapeko askatasuna azaldu dute, «zenbat denbora galdu den Aieteko Konferentziatik honat» deitoratuz.

«Armagabetzearentzat bezala, erabaki hau lurralde honetako indar desberdinen engaiamendu eta mobilizazio azkarraren ondorioa da» gehitu dute, Aieteko Konferentziatik eta gaur arte «konbentzimendu guztiarekin inplikatu diren guztiei» esker oneko hitzak luzatuz.

Euskal Elkargoak Baionan duen egoitzan gizarte eragilez eta hautetsiz osaturiko ordezkaritzak plazaratu duen mezuarekin bat eginez, «etapa berri bat gainditu da, bidearen bururaino joan behar dugu orain» gaineratu dute elkarretaratze horietan bakegileek.