Donostia Zinemaldiak, GTI Ikus-entzunezkoen 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko 2025erako Lantaldeak eta CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea osatzen duten kolektiboak iaz hasi zuten lankidetza, Johnny Depp aktoreari Donostia Saria emateak piztu zuen polemikaren ondotik. Lankidetza hori generoen araberako parte-hartzeari eta emakumezko zinemagileen presentzia handiagoari buruzko txostenean egindako txertaketetan hezurmamitzen da, Zinemaldiak ohar batean azaldu duenez.
Hala, lankidetza horrek «hainbat emaitza positibo» izan ditu, hala nola «sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta horien aurrean jokatzeko protokolo bat lantzea eta generoen araberako parte-hartzearen txostenean soinuaren lanbide kategoria txertatzea».
Zinemaldiaren arabera, (H)emen Euskal Herriko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkarteak, eta Andaluzia, Murtzia eta Valentziako AAMMA, AMMA eta Dones Visuals emakume zinemagileen elkarteek azken hamabi hilabeteotan elkarrekin egindako lanaren lorpenen atalean dago «elkarrizketaz beraz eta elkarrekin lan egiten jarraitzeko erabakiaz gain, sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta horien aurrean jokatzeko protokoloa, Zinemaldiaren testuinguruan horrelako egoerak gertatuz gero prozedura bat ezartze aldera».
Generoaren araberako parte-hartzeari buruzko aurtengo datuak urtearen amaieran argitaratuko den txostenean azalduko dituzten arren, programazioari erreparatuz gero Zinemaldiak adierazi du genero berdintasunean aurrera egiteko duen «asmo sendoa» honako hauetan nabarmentzen dela: mahai-inguruak, eskola magistralak, sari ofizialen epaimahaien osaera eta New Directors Saila.
Alabaina, onartu du hori ez dela islatzen Sail Ofizialean, «hainbat faktoreren eraginez, hala nola zinema jaialdien zirkuituaren idiosinkrasiak eta industria zinematografikoaren zirkuitu propioak, non emakumeen presentzia ez baita iristen %30era, urtez urte, lanbide kategoria gehienetan».
Horregatik, Zinemaldiak kezka helarazi die erakundeei eta industriei, «zaila baita ekitatearen alde lan egiten jarraitzea horien parte-hartzerik gabe».
Zinemaldiak dioenez, elkarteekin batera egiten duen lanean, emakumeek zuzendutako filmen presentzia sendotu nahi du hautaketa guztietan. Ostiral honetan beste topaketa bat egingo dute Tabakaleran Zinemaldiak, CIMAk eta GTI taldeko elkarte feministek.