Lokomotora abian da. Halaxe deitu diote Fermin Muguruzari filmean parte hartu duten aktoreek. Goizeko 11.30ean egin dute photocalla Zurriolako terrazetan eta talde osoa NAIZ Gunean izan da prentsaren aurrean filma aurkezten.
Kontzertu baten preludioa izan daiteke, edo ez, izan dena da, ziur, ekitaldi jendetsu eta zirragararri baten aurrerapena. Festa lehertu aurreko festa. ‘Sold out’ kartela zintzilik du aspalditik Muguruzak eta iluntzean Belodromoan izango den hitzorduak zeresana emango du. 150 gonbidatu igoko ditu oholtza gainera. Hitzorduak utziko duen argazkia mugarri izatetik gertu izango da.
Dagokion umorearekin –eta azkartasunarekin– hasi du Muguruzak prentsaurrekoa. «Zinemaldiak sari berri bat eman digu! Kartelik ikusiarena! Oso pozik hartzen dugu saria baina ez dagokigu guri hura jasotzea. Hainbeste lan egiten ari diren kazetari eta argazkilariei emango diegu!».
Banan-bana aurkeztu ditu musikari, zinemagile eta artista multidiziplinar irundarrak filmeko protagonistak. NAIZek Zurriolan duen gunean izan dira Maria Cruickshank, Gorka Otxoa, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Manex Fuchs, Antonio de la Torre eta Darko Peric.
Maria Cruickshank jarri da Ainhoaren ahotsean –eta azalean– eta Itziar Ituño Josunerenean. «Kasu honetan tokatu zait Josuneren azalean sartzea, ‘Egin’ egunkarian kazetaria dena. Oso lan berezia izan zen zeren gogoratzen dut ez zeudela argazkiak eginda ahotsak sartu genituenean. Amaiera ikusterakoan, irudi batzuk ikusi ditut nik eta mundiala izango da. Ferminek deitu zidanean etxean proiektu batean parte hartzeko izugarria izan zen eta azken emaitza ikusteko desiatzen nago. Etxean sentitzen naiz, nahiz eta bizkaitarra izan (barreak)».
Eta umore ziztada gehiago, kasuan, Ramon Agirreren partetik. «Nik uste deitu didala gaztetasun puntu bat emateko, adina jaisteko (barreak). Edozein dela ere arrazoia ni deitzeko, ilusio handia egin zidan eta oso pozik nago talde honetan egotearekin».
Zinemetara jauzia
‘Black is Beltza II: Ainhoa’ datorren irailaren 30ean iritsiko da Euskal Herriko zinemetara, eta bertan irauteko garrantziaz hitz egin du Jone Miren Unanua ekoizleak. «Lau urte behar izaten dira horrelako pelikula independiente bat egiteko. Lau urte hauek oso mardulak izan dira eta sekulako esfortzuarekin egin dugu. Oso pozgarria da esatea ‘sold out’ egin dugula euskarazko pelikula batekin. Baina gaurtik aurrera karta bakar batera jokatzen dugu dena, eta hori zinemetan izango da. Jendearen erantzuna handia izan behar da hau zinemetan mantentzeko. Oso garrantzitsua da».
Baina aurretik, esandakoa, festa nagusiaren eztanda geratzen da. Hitzordua gaur, 20:00etan, Donostiako Belodromoan. Goizekoa, festaren aurreko festa baino ez da izan.