Urriaren 11n, Azpeitiko bizilagunek, udal agintariek eta “Piaspe” parke eolikoa sustatu nahi duen Statkraft enpresak batzar irekia eginen dute Soreasu antzokian. Atzo ezagutu zen deialdiarekin batera, Azpeitiko Udalak Norvegiako enpresa publikoak bidalitako adierazpena ezagutarazi zuen. Bertan, labur-labur azaltzen da proiektuaren abiapuntua, hala nola enpresaren asmoa: azpiegituraren onurak tokiko komunitatera iristea. Horretarako bi ardatz proposatu dituzte: sozializazioa eta partaidetza.
Mikel Otero EH Bilduko parlamentariak desberdin antzeman zuen melodiari lehenengo estrofa jarri dion enpresaren adierazpena. Lehenik eta behin, mezua gaztelaniaz eta euskaraz helarazi zuen Statkraftek. Bestalde, idatzia Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo udaletara bidali izana logikoa dirudien arren, ez da ohiko jokabidea. Urrunegi joan gabe, Legutioko Udalak Aldizkari Ofizialaren bidez jakin zuen duela ez asko Madrilgo Plauri Energy enpresak udalerrian parke eoliko bat eraikitzeko izapideak hasiak zituela. Inork ez zituen udala eta bizilagunak abisatu.
Abestiari letra asko falta zaio, hala ere, Statkraften idazkian ez baita jasotzen zehaztasun handirik. Baina berritzailea da, adibidez, parke eoliko baten sustatzaileak «energia sortzeko jarduera gizarteratzea» jartzea helburu gisa, eta horretarako, besteak beste, «energia berriztagarrien komunitateen legezko figura» aipatzea. Hau da, Statkraftek “Piaspe” proiektuaren eraginpeko biztanleek garapenean parte hartu eta parkeak sortuko duen energiatik etekina lortzeko atea zabaldu du.
Prozedura hori, gutunean enpresak gogorarazi duenez, bat dator gaiari buruz Europar Batasunak 2018. urtean onartu zuen zuzentarauarekin. Izan ere, kontsumitzaileek energia berriztagarrien komunitateetan parte hartzeko duten eskubideaz hitz egiten da Europako legerian, non energia berriztagarriak ekoitzi, kontsumitu, biltegiratu, saldu, partekatu eta diskriminaziorik gabe merkaturatzeko eskubideak modu garbian jasotzen diren.
Tokiko eragileen esku hartzea
Aurreko guztia, energiaren gizarteratzeari buruz. Proiektuan beste aktoren batzuen partaidetzari buruz, adierazpenaren arabera, «Statkraftek Proiektuak eragiten dien erakunde publikoekin batera parte hartzeko eskema berriak aztertu, bultzatu eta garatu nahi ditu». Lortu nahi den helburua, enpresaren arabera, «jasangarritasun irizpideetan oinarritutako adostasun instituzionaleko esparru bat da», horrekin proiektuaren eragina lurraldean nabarituko dela bermatzeko, eta tokiko ekoizpen sarea indartzeko.
NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketa batean Otero parlamentariak esandakoaren arabera, «jabegoan eragile publiko, pribatu eta komunitarioak eta herritarrak sartzeko moduko eskema bat esploratzeko» prest dago enpresa, atzo ezagututako lehen adierazpen honetan jabegoari buruz ezer esaten ez den arren.
Ezohiko mezua
Ikusi beharko da, jakina, nola zehazten diren asmo horiek guztiak, baina adierazpenean inplizituki onartzen du Statkraftek instalazio energetiko handien sustatzaileek oso gutxitan onartzen duten zerbait. Klima krisiaren aurrean dituen onura generikoak aipatu ohi dira beti horrelako proiektuak aurkezterakoan, baina inoiz ez tokian eragiten dituzten kalteak. Izan, badirelako. Norvegiarren planteameduan afekzio horiek onartzen dira, eta horiek murrizteko eta kaltetuen onespena eta parte hartzea bilatzeko bideak proposatzen dira, tokiko biztanleek proiektua onar dezaten. Hori guztia errealitate bilakatu beharko da, baina logika-aldaketa nabarmena da.
Azkenik, Statkraften ustez, «horrelako instalazioak oso erabilgarriak izan daitezke landa-ingurunean aldaketa positiboak bultzatzeko», bai bioaniztasunaren aldetik, bai oinarri endogenoko landa garapenaren aldetik ere.