Arrasateko Amaia Udal Antzokian batu dira gaur arratsaldean 700 bertsozale, Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren saioaz gozatzeko. Atzoko Getxoko saioarekin alderatuta puntutan beheragotik joan da. Joanes Illarregi izan da lehena, 678 punturekin. Segidan joan dira Saioa Alkaiza (673 puntu), Iñaki Apalategi (664), Xabat Illarregi (659), Miren Amuriza (646,5) eta Gorka Pagonabarraga (616).
Hasiera mugitua izan du saioak. Berez Xabier Silveira zen kantatzekoa, baina azken orduan ezin izan du agertu arrazoi pertsonalak tarteko. Hartara, ordezkoen zerrendan hurrengoari egokitu zaio oholtzara igotzea, Xabat Illarregi leitzarrari. Eta bi anaiak topatu dira oholtza gainean.
Joanes Illarregi izan da lehena puntutan. Hasi eta buka eutsi egin dio saioari eta ganbarakoan erremate dotorea eman dio. Bigarrena izan da Saioa Alkaiza, egungo Nafarroako txapelduna. Berriz erakutsi du iruindarrak gaiei zimur propioak topatzeko daukan zorroztasuna. Hirugarrena, Iñaki Apalategi, ariketaz ariketa lan serioa eginez. Xabat Illarregi izan da laugarrena. Espero gabe txapelketan parte hartzea egokitzen zaionaren azaletik, fresko eta ausart aritu da. Bosgarrena Miren Amuriza izan da. Ez da bere arratsalde samurrena izan. Hasieratik kostata aritu da, bere mailara gerturatu gabe askotan. Eta, seigarrena, Gorka Pagonabarraga izan da. Distira uneak izan ditu, baina hamarreko txikian poto bat egin du eta hori igarri egin da azken puntuazioan.
Hauxe, Arrasateko puntuazioa:
678 Joanes Illarregi Marzol
673 Saioa Alkaiza Guallar
664 Iñaki Apalategi Astigarraga
659 Xabat Illarregi Marzol
646,5 Miren Amuriza Plaza
616 Gorka Pagonabarraga Agorria
Datorren asteburuan hitzordu bikoitza berriz. Larunbatean, Gotaine-Irabarnen eta, igandean, Gasteizen.