NAIZ

Euskal presoak birgizarteratzeko ibilbideak definitzeko premia nabarmendu du Foro Sozialak

Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu duenez, Lakuari eta beste eragile batzuei dagokienez, «zeregin nagusia da EAEn zigorra betetzen ari diren presoak birgizarteratzeko ibilbideak definitzea».

Zaballako espetxearen aurrean egindako ekimen baten argazkia.
Zaballako espetxearen aurrean egindako ekimen baten argazkia. (Jagoba Manterola | FOKU)

«Eusko Jaurlaritzari eta beste eragile batzuei dagokienez, zeregin nagusia da EAEn zigorra betetzen ari diren presoak birgizarteratzeko ibilbideak definitzea». Hala adierazi du asteazken honetan Foro Sozial Iraunkorrak,  EAEk espetxe-eskumena bere gain hartu zuenetik igaro den  urtearen balantzea egiterakoan.

Ohar batean adierazi duenez, «Justizia Errestauratiboa Eusko Jaurlaritzaren '2022-2025 Estrategiaren' zutabeetako bat izanik, orain arte egindako batzar-errestauratiboen esperientziatik ikasi behar da».

Izan ere, «inplikatutako alde guztien borondate politikoa egiaztatuta, bada garaia Justizia Errestauratiboaren politikaren oinarriak eta edukiak adosteko. Eta politika berri hori presoen esku utzi behar da, nahi duten guztiek erabil dezaten».

Adierazi duenez, «egoera honetara iristea posible izan da gizarte zibilaren lanari esker, bere adierazpen guztietan, eta baita EPPK erabakiei eta alde anitzeko akordioei esker ere. Lan diskretu luze baten emaitza da, eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozial askoren artean adostasunak ehuntzearen ondorioa».

«Prozesu horrek izan dituen zailtasunen eta krisien lekuko gara, baina, zorionez, eragile guztiek zailtasunak gainditzeko borondatea izan dute, bidea urratuz», gaineratu du indarrean dauden salbuespen-politikako neurriekin amaitzeko eskatu ondoren.

Urrats positiboak

Dena den, espetxeen arloko eskumenaren inplementazioari dagokionez, «positiboki» baloratu nahi ditu orain arte emandako pausoak.

«Alde batetik, inguruko kartzeletatik Euskal Autonomia Erkidegoko hiru kartzeletara hurbiltzeko politika gauzatzen ari da. Hurbilketak uztailean berriro hasi ziren eta espero dugu determinazio eta intentsitate berarekin jarraitzea etorkizunean, eta, beraz, aurten bertan amaitzea», esan du.

«Bestalde, graduen eboluzio-politiken aplikazioari dagokionez (2. graduko baimenak eta 3. gradua), azpimarratu nahi dugu Espetxeen Tratamendurako Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako dagokion organoa tratamendu zientifiko eta pertsonalizatua egiten ari direla. Tratamendu hori ezin da beste era batera egin, ez baikara onurez ari, baizik eta dagozkien eskubideen aplikazioaz», gaineratu du.

Halere, borondate honen aurrean Auzitegi Nazionaleko «zenbait epaileren eta haiek babesten dituen lobbyaren jarrera oztopatzailea dago. Izan ere, gero eta nabarmenagoa da bi eredu desberdin daudela espetxe-politika ulertzeko orduan: batetik, ANko epaileen ikuspegi zigortzailea dago, eta, bestetik, birgizarteratze-politiken aldeko apustua dago, Eusko Jaurlaritzak bultzatua eta Eusko Legebiltzarraren %91k babestua».