NAIZ
Donostia

Elbira Zipitria euskaltzale eta andereñoaren ekarpena aldarrikatu du Gipuzkoako Aldundiak

Zailtasun handiak eta diktadura bat gaindituta, Elbira Zipitria hezitzaile eta euskaltzaleak gure hizkuntzaren alde egindako lana aitortu dio Gipuzkoako Aldundiak, eta haren omenezko eskultura bat inauguratu du Foru Jauregian. Andereñoaren lankide izandako kideek hartu dute parte ekitaldian.

Elbira Zipitriaren eskultura Lurdes Umerez artista azkoitiarrak egin du, brontzea erabilita.
Elbira Zipitriaren eskultura Lurdes Umerez artista azkoitiarrak egin du, brontzea erabilita. (Gorka RUBIO | FOKU)

Foru jauregiaren ohorezko patioan Elbira Zipitria Irastortzaren (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982) eskultura bat kokatu du Gipuzkoako Aldundiak, hezitzaile eta euskaltzale aitzindariaren ikasle eta lankide izandako 50 lagunen partaidetzarekin egindako ekitaldi batean.

Gipuzkoaren historiako izen handiei –Elkano, Urdaneta, Zuazola, Larramendi…– eskainitako espazioaren erdigunean ezarri dute eskultura, haren heriotzaren 40. urteurrenean. Markel Olano ahaldun nagusiak adierazi duenez, «pauso xume baina esanguratsu» honekin, emendatzen hasi dira foru jauregiaren areto eta paretetan «agerikoa» den «hutsune historiko bat».

«Asko eta asko izan dira gure gizartearen bilakaeran arrastoa utzi duten eta uzten ari diren emakume aitzindariak. Askotan isilarazi eta ikusezin bilakatuak, ozen aldarrikatu nahi dugu, herri erakunde gisa, emakumeek Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren eraikuntzan egin duten eta egiten duten funtsezko ekarpena», adierazi du.

Helburu hori gauzatzeko bidean, Euskal Herriaren, euskal eskolaren eta euskararen azken hamarkadetako bilakaeran «erabakigarria» izandako Elbira Zipitria Irastortzaren eskultura ederra sortu du Lurdes Umerez artista azkoitiarrak. Brontzezko figura bat da, Zipitriaren argazki ezagun eta bakanetako batean inspiratua. Artelanaren oinarri gisa landutako piezan, berriz, haren ikasleek koadernotan lantzen zituzten olerkiak, marrazkiak eta eragiketak ikusi ahalko dira, klandestinitatean sortutako lehen ikastola haien pedagogia aurreratuaren lekuko.

Klandestinitatean

Francoren diktadurapean, «euskararen eta euskal nortasunaren sugarra bizirik mantendu eta belaunaldi berriei transmititzea» lortu zuen Zipitriak, Donostiako hainbat gurasoren laguntzarekin, klandestinitate erabatekoan ausardia handiz jokatuz. Bere etxe-eskolako jardunean abangoardian ziren pedagogiak baliatuz, andereño berriei erakutsiz, euskarazko irakaskuntzari bidea ireki zion eta ikastolen mugimenduaren hazia erein zuen.

Donostiako Alde Zaharrean, Fermin Kalbeton kaleko etxe-eskola hartan andereño gisa trebatu ziren Kontxita Beitia eta Mari Karmen Mitxelenak hartu dute hitza ekitaldian, beren oroitzapenak konpartituz. Haren ikasle izandako Xabier Muñoz Otaegiren txistu soinuarekin amaitu dute omenaldia, Zipitriak irakatsitako ‘Aberri min’ abestuz.

Ibilbide emankorra

Elbira Justa Zipitria Irastortza andereñoa, Donostiako lehen ikastolen sustatzaileetako bat izan zen. Fededun eta euskal abertzale sutsua –EAJko eta Emakume Abertzale Batzako kide aktiboa izan zen–, gerra aurreko belaunaldien eta gerraosteko euskal irakaskuntzaren arteko zubi lana egin zuen.

Francoren aldeko tropen altxamenduaren ondoren Donostiatik ihes egin behar izan zuen, garaiko beste hainbat euskaltzale eta abertzaleren moduan. Lapurdin, Sarako Prefetenean zelarik, Estatu frantsesean garai hartan aztergai ziren hezkuntza modu berritzaileak ezagutzeko parada izan zuen eta handik urte batzuetara, Donostiara itzultzean, pedagogia aurrerakoiak bere egin zituen haurrei irakasteko garaian.

Horrez gain, maistra berriak berekin batera trebatu zituen, euskal hezkuntzaren zabalkundean funtsezko izan ziren andereñoei irakatsiz. Beste zenbait guraso eta andereñorekin batera, Orixe ikastolaren sorreran parte hartu zuen, 1968an.

Izaera berezi eta zorrotz baten jabe, euskara batuaren sorrerarekin zituen desadostasunak eta ikastolek hartutako norabidearekin bizi zuen kezka tarteko, triste eta bakartiak izan ziren haren bizitzako azken urteak. Donostian hil zen 1982ko abenduaren 26an, 76 urte zituela.