NAIZ

Idorteagatik alertan jarraitzen duen lurraldean euria erruz bota du

Iragan astelehenean luzatu zituzten idorteari aurre egiteko murrizketak Ipar Euskal Herrian. Gauaz geroztik abisu laranjan da lurraldea eurite eta uholde arriskuagatik. Bidaxunen metro kubikoko 100 litro neurtu dira eta errepide bi moztu behar izan dituzte Bidarten.

Bi errepide itxi dituzte Bidarten urez gainezka zirelako.
Bi errepide itxi dituzte Bidarten urez gainezka zirelako. (Guillaume FAUVEAU)

Idorteari aurre egiteko Pirinio Atlantikoen departamenduak osaturiko batzordeak ur kontsumoaren murrizketak luzatzeko deliberoa hartu zuen joan den astelehenean.

Asteazken honetako gauaz geroztik Meteo Francek pizturik du alerta laranja eurite eta uholde arriskuagatik Ipar Euskal Herria barne den departamenduan.

Bidaxunen, 112,8 litro 24 ordutan

Euria erruz bota du azken orduetan. Asteazken honetan plazaraturiko aurreikuspenetan tokian toki 100 litro metro kubikoko euri metaketak gertatzeko aukera jaso zuen Meteo Francek. Hain zuzen, metereologia zerbitzuek ohartarazi zuten hilabete osoan jasotako euri adina bota zezakeela egun bakarrean.

Hala gertatu da Bidaxunen, non azkenengo 24 orduetan metro kubikoko 112,8 litro neurtu diren. Azken 12 orduetan, berriz, metro kubikoko 46,6 litro metatu dira Biarritzen eta 46,2 Kanbon.

Ondoko orduetan ere euri asko bota dezakeela iragarri dute. Dagoeneko hainbat arazo izan dira, hala nola Bidarten, non errepide bi itxita dauden urez gainezka daudelako.

Arratsaldean egoera zerbait baretu ostean, gauean berriz ere euriak eta haize zakarrek astinduko dute lurraldea.

Alerta horia pizturik dago haize azkarren eta ekaitzen arriskuengatik Lapurdiko kostan. Hainbat tokitan haize boladek 90 km orduko abiadura hartu dezaketela irgarri dute.

Egoera horretan ohiko aholkuak eman zituzten erakundeek. Hala nola etxetako sotoetara ez jaisteko edo ureztaturik dauden bideak ez zeharkatzeko gomendioak. Oro har, ibilgailua ez hartzeko eta premiazkoak ez diren joan-jinak gerorako uzteko aholkua ere zabaldu dute.