Akaso egongo da gazteei zuzendutako literatura bigarren edo hirugarren mailakoa dela uste duenik. Usteak erdi ustel ordea, zeren John Andueza idazleak ondo adierazi duen moduan, gaurko gazteak, nerabeak, biharko irakurle helduak dira, eta orain elikatzen ez den intelektoa, irudimena, hizkuntza gero, urteak pasata, nekez esnatuko dira.
Euskarazko lan hauek «jolasteko eta gauza berriak probatzeko aukera ematen dute», esan du idazleak. «Gazteak dira gure etorkizuneko irakurleak, eta beste liburu horietara iritsiko badira, bidean beste tresna batzuk eman behar zaizkie, akaso apalagoak baina gustagarriak izango direnak, gero beste etapa batzuetara pasatzeko. Nerabe eta gazte zaren bitartean ez baduzu euskarazko testurik eta edukirik kontsumitzen, zaila da 20 urteak pasiak errekuratzea», ohartarazi du.
Elkar argitaletxearen eskutik itzuli dira letretara Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ egilea eta aipatu berri dugun John Andueza. Nor bere estiloan eta generoan, gogotsu agertu dira bere lan berriak aurkezten bai, baina baita ere nerabe eta gazteen artean irakur zaletasunaren garrantziaz hausnartzen.
Lehenak trebeziaz eta estilo propioaz dominatzen du genero erotikoa, eta ur tentagarri horietan igeri egitera gonbidatu du orain ere irakurlea. ‘Sex-sua’ bederatzi errelatoren bildumatxoa da. Izenburuak ez dio zalantzari tarte handirik uzten. Edukiak, ordea, hegalak emango dizkio irudimenari. Nork bereari.
Idazleak kontatu duenez, betidanik arreta eman dio «zelan idazle ezberdinek espazio intimoari hitzak nola jarri dizkioten». Hala, oroitu du 17 inguru zituela irakurri zuela Xabier Montoiran ‘Non dago Stalin?’. Eleberri hark «pertsonaia ilunak eta errelato beltzak nahasten ditu, eta bidean zabaltzen ditu pasarte lizunak eta erotikoak… Eta 17 urteko testosteronagatik akaso arreta deitu zidan, eta une intimo horiek deskribatzeko zeragaz gelditu nintzen», azaldu du ostegun honetan, prentsaurrean.
Sortu dituen errelatoek «zentzu primarioenak» pizteko balio dutela aurreratu du, eta honen balioa goraipatu du bereziki pantaila bidez begiak elikatzen ditugun garaiotan. «Telebistan, bideojokoetan, filmeetan… edozein lekutan daude pasarte erotikoak», esan du; ordea, esplizitatea liburuetan irakurleak imajinazioaz landu behar duela azaldu du. «Buruan klik egin behar du pasartean sartzeko, joko bat bezala da, eta niri alde hori gustatzen zait, jokatu, irakurri… eta bapatean heltzen zarenean pasartearen extasira… Nire burua gai izan da horra heltzeko».
Halako edukiak telebista saio batean begiek jasotzen dute eta burmuinera doaz zuzenean. «Ariketa hori ezberdina da» literatura bidez egiten bada. ‘Sex-sua’ izenburua «nahiko esplizitoa» dela onartuta, sutilidade puntua ere baduela erantsi du egileak. «Errelato erotikoetan imajinazioa pertsonaren gaitasunaren baitan dago. Oso ariketa polita da, tabu barik egitekoa».
Ehiza sare sozialetan
Suspentsea eta misterioa erabili ditu John Anduezak, baina ‘Luaren itzala’ geruza asko ehuntzen dituen istorioa da. Elkar argitaletxearekin plazaratzen duen bederatzigarren lan honek, errealitatean oinarrituta abiatu du trama: pandemiaren eraginez ezarritako itxialdia amaituta, askatasuna mugatzen duten neurriak oraindik oso zorrotzak dira eta gazteak nekatuta daude, ezin adinarenak propioak diren uneetan eta bizipenetaz gozatu.
Herri txiki batean gaude, eta denek ezagutzen dute elkar. Arauak pikutara bidaltzeko asmoz, festa klandestino bat antolatuko dute gazteek, gutxienez gau batez disfrutatzea da helburua. Abandonatutako eraikin bat hartu du festak, baina biharamunean dena da tragedia: neska gazte baten gorpua agertu da indarkeria zantzuekin.
«Herri txiki batean halako gertakari batek sekulako inpaktua du, zeren hildakoaz gain hiltzailea ere ezagutzen dutelako bizilagunek. Ehiza moduko bat hasten da orduan sareetan, nork bere ustea eta zergatia zabaltzen», azaldu du.
Heriotza, beraz, «aitzakia» da bigarren plano batean agertzen diren sare sozialak eta bertan dauden arriskuez mintzatzeko. «Edonork edozer bota dezake, eta hor konpon egiten den kalteaz –hausnartu du Anduezak–. Izurritea, emakumeen kontrako bortxa, eta mendukua sare sozialen bidez azaltzen ahalegindu naiz».