Imanol  Intziarte
Redactor de actualidad, con experiencia en información deportiva y especializado en rugby
Interview
Ion Barandiaran
Ordizia Rugby elkarteko lehendakaria

«Iazkoa errepikatzea oso zaila izango da, baina garbi dago saiatuko garela»

Asteburu honetan hasten da errugbiko Ohorezko Maila. Bazirudien Ordizia izango zela euskal ordezkari bakarra, baina azkenean Gernika ere lehian egongo da. Gorabehera asko izan dira azken hilabeteetan zelaitik at. Goierrikoek entrenatzaile berriarekin egingo diote aurre denboraldiari.

Ion Barandiaran, Ordizia Rugbyko lehendakaria.
Ion Barandiaran, Ordizia Rugbyko lehendakaria. (Jon URBE | FOKU)

Hastear da denboraldi berri bat. Gogoz al zaudete?

Bai, bai. Denbora nahikoa pasa da azken partida jolastu zenetik, urrian gaude eta gogoekin denboraldia hasteko.

Aldaketa asko egon al dira taldean?

Badauzkagu aldaketa batzuk. Badauzkagu lau jokalari fitxatuta, baina oraindik hemen ez daudenak. Arazo asko ari gara edukitzen dokumentazioarekin jatorrizko herrialdeetan. Akordioak itxitak dauzkagu, baina hona etorri arte ez ditugu ofizialak egingo.

Bat daukagu hemen, Brian Gonzalez pillier argentinarra. Gero Antxon Iriondo durangarra edukiko dugu bigarren lerroan, iaz Hendaian jokatu zuena. Falta diren lau horiek laister egotea espero dugu. Aldaketa batzuk egon dira, baina plantillaren oinarria berdina da.

Aldaketa nagusiena aulkian egongo da. Iñigo Marotias ez da izango entrenatzailea eta bere postua Federico Gallo argentinarrak hartuko du, gaztea –35 urte– baina esperientzia duena.

Bai, esan dezakegu taldearen aldaketa handienetako bat hori izango dela. Asier Pazos prestatzaile fisikoak ere ez du jarraituko –Iruñeako La Unicaren entrenatzailea izango da–, Iñigo kirol zuzendaria izango da, eta Federico ekarri dugu Argentinatik. 

Iaz jokalari moduan egon zena Arturo Rivas egongo da bigarren entrenatzaile eta prestatzaile fisiko bezala. Joango dira pixkanaka bere zigilua ezartzen.

Joan direnek langa oso altua utzi dute. Iaz Ligako finala eta Kopako finalerdia jokatu zenuten…

Iazkoa errepikatzea oso zaila izango da, aurten aurkariak asko indartu dira. Gu gauzak ahal dugun hoberen egiten saiatuko gara, baina ezin dugu exijitu final batera iristea. Garbi dago saiatuko garela, hor ez dago inongo dudarik, baina horren menpe ez da egongo denboraldi ona edo txarra izatea.

Helburua Ligan play-offetan sartzea izango da, eta Kopa formatua aldatu da, lehen itzuliko sei lehenak sailkatuko dira, eta garrantzitsua izango da horien artean egotea.

Azken hilabetetan itsaso zakarra egon da errubgi inguruan. Espainiako selekzioa Mundialatik at, hauteskundeak federazioan, Alcobendasi zigorra, Kopako finala atzeratu, hamahiru talde Ohorezko Mailan…

Ezinegon pixkat eduki dugu. Aurreko astean oraindik ez genekien erabateko ziurtasunez Ligako formatoa zein izan behar zen. Iraila hilabete xelebre xamar izan da. Alcobendas borroka judizial horretan berea defendatzen ari da, naiz eta talde gehienek beste erara ikusten ditugun gauzak. Gernikak ere bere helegitea aurkeztu zuen, arrazoia eman zioten eta azkenean hamahiruko liga. Hauxe da dagoena, egoerara egokitu behar gara eta aurrera, baina ez da atsegina izan. 

Polemika honen erdian ‘F’ famatua kokatzen da, formakuntzaren agiria, kanpoko jokalari gehiago fitxatxeko erabili dena… Nola ikusten duzue?

Zentzu horretan ez daukagu urduritasun berezirik, badakigu egin ditugun gauzak ondo eginda daudela. Aurten Federazioa, bere bizkarra kubritzeko, dokumentu bat eman digu sinatzeko, eta hor esaten dugu egin dugun kudeaketak benetan ondo daudela, zilegi direla. Gauzak ondo egin ditugun ziurtasun hori badaukat, Alcobendasi gertatutakoa behintzat ez zaigu gertatuko.