Ehunka kilometro egin dituzte errepidean; egunez autobusez bidaiatuz, gauez askotariko zentroetan atseden hartuz. Tartean, ibilbidea agenda oso estu batekin elikatu dute migratzaileen eskubideen alde lan egiten duten ekintzaile eta elkarteek. Europa osotik barreiatuta dauden erakundeek indarrak batu dituzte Brusela helburu. Europako «bihotz politikoa» deitua den horretan erakundeei belarritik tira egiteko, arreta bereganatzeko. Oinarrizko eskubideak guztientzat, salbuespenik gabe. Hori oinarrian. Eta horixe erronka. Hortik martxaren leloa: ‘Eskubideak. Heriotzarik ez!’.
Irundik iragan astelehenean, hilak 26, abiatu zuten ibilbidea aurreikusitakoaren arabera egin dute, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartetik Cristina Garcia de Andoin kideak NAIZ-i eguerdi honetan bertan azaldutakoaren arabera. 15.00etatik aurrera antolatuak ziren hitzartzeen atarian azaldu dizkio hedabide honi esperientziaren xehetasunak, eta gurekin partekatu nahi izan ditu hainbat hausnarketa.
Lehenengo geltokia Poitiersen bertan egin zuten, Udaletxeko plazan. Han topaketa antolatu zuten migratze prozesuan dauden pertsonekin zein harreran hartuak izan diren etorkinekin. Deigarria zera, Poitierseko alkateak ere parte hartu zuela.
Gau hura aterpetxean pasa zuten ekintzaileek, beste migratzaile batzuekin batera.
Poitiersetik Parisera egin zuten etapa ondoren, eta bertan ChronoPost mezularitza enpresan langileak direnekin bat egin zuten, duela hamaika hilabete hasi zuten grebari atxikimendua azalduz. «Langile gehienak Sahara hegoaldekoak dira, eta oso baldintza prekarioetan ari dira lanean. Hobekuntzak aldarrikatzen dituzte, pandemia garaian oso gogor lan egin dutelako eta ez zaielako aitortu».
Estatu frantsesaren eta espainiarraren artean dauden ezberdintasun posibleez galdetuta, egoerak oso antzekoak direla kontatzen du ekintzaileak, alegia, erakundeen aldetik jasotzen duten tratua eta erantzuna molde berekoa dela «atzean dagoena europar legedia delako». «Beroan egiten diren itzulketak, zorian oinarritzen diren atxiloketa xenofoboak eta arrazistak, mugen militarizazioa…», aipatu ditu adibide batzuk.
Jendartearena dela abegitasuna eta babesa, eta hori ere errepikatzen den moldea dela. «Oinarrizko harrera, aurreneko kontaktua pertsona hauei solidaritatetik heltzen zaie, elkartasunetik», uste du. Puntu honetan, Calais aipatu du, eta nola zigortzen den jendearen eskuzabaltasuna. «Calaisen errepresio handia dago, eta lagundu nahi duenari zigortu egiten zaio isunekin. Adibidez, pertsona bati kafe bat edo mokadutxo bat emateagatik 150 eurorainoko isuna jaso dezakezu. Izugarria da», salatzen du.
Sindikatuak eta sareak
Sindikatuen artean dagoen sarea, Estatu frantsesean, sendoagoa dela igarri dute Garcia de Andoin eta gainontzeko kideek. Eta, aldi berean, pertsona migratzaileek osatzen dituzten sindikatuek ere presioa egiteko gai direla ikusi dute. Euskal Herria eta Estatu espainiarrarekin alderatuta, dio Hexagonoan «beraien borroka sindikala biziagoa» dagoela. «Gainera, gainontzeko sindikatuak ere solidarioagoak dira hauekin, beren aldarrikapenekin. Ikusi dugu migratzaileak protagonistagoak direla, ahaldunduagoak daudela». ChronoPost enpresaren baitan darabilten pultsua jartzen du berriz ere adibide gisa.
Calaisetik Liejara. Han, Vottem migratzaileak atxikitzeko zentroan bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten zenbait bizipen. 1999. urtean ireki zituen ateak, eta geroztik ixteko borrokan dihardute. Datuen arabera, handik urtero mila pertsona igarotzen dira, eta bi heren kanporatuak izaten dira.
«Babesa eskatzen dutenetatik, %60k ezezkoa jasotzen du, eta desadostasuna agertzen dutenak isolamendu zeldetan sartzen dituzte, gatibu. Han hiru egun baino ezin dituzte eman, legez, baina arauen kontra ahotsa altxatzen dutenek denbora mugagabean gelditu daitezke espazio itxi horietan», kontatzen du. Egoerak oso muturrekoak dira eta asko dira bere buruaz beste egiteko dauden saiakerak. «Asko», berresten du.
Aldarrikapenak eta egoera salatzeko beste moduak ere badaude. Kontatzen duenez, haiek zentrora hurbildu zirenean Camerunko gazte batek zazpi egun zeramatzan gose greban.
Astean behin, larunbatetan, zentro hauen itxieraren alde lan egiten duten aktibistek bisitatzen dituzte migratzaileak. Baino kanpotik baino ez, leihoetaraino eskailera bat luzatuz. «Telefono zenbaki bat ematen zaie, eta bisita indibidualak antolatzen dituzte».
Helmuga den Bruselara bi egun atzera ailegatu zen karabana. Inmigrazio Batzordeko europarlamentarioekin bilera egin ahal izan zuten, haien bidez gabeziak bistaratu eta eskaera zehatzak egiteko.
Europako zenbait herrialdeetan alderdi ultraeskuindarrek duten gorakadaz galdetuta, Garcia de Andoin kideak ez du kezka ezkutatzen. «Eskuinaren eskuinean daude dagoeneko zenbat gobernu, begira Italian gertatu dena. Eta Frantzian bertan, lege gogorragoak prestatzen ari dira. Asilo politikoa behin baino ezingo da eskatu, eta ezezkoa jasoz gero, ez dago berriro saiatzerik. Jendea arduratuta dago».
Honen aurrean, sareak indartzera eta ehuntzera dei egiten du Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak. «Ezagutu ditugun pertsona askok urteak daramate Europan, lanean, ekonomiari dagokiena aportatzen, sistema mantentzen laguntzen», aldarrikatzen du.
Luxenburgoko plaza izango da amaiera ekitaldiaren epizentroa, Bruselan. Elkarretaratze bat egingo da, eta migrazioaren drama bistarazteko hainbat eszena irudikatuko dituzte. Ondoren, musikaz eta hitzaldiak eskainitako dira, eta lehen pertsonan entzun ahal izango dira testigantzak, besteak beste, bi seme Mediterraneoan desagertu zaizkion amarena.