Jon Ormazabal

Darioren debuta izango da oso orekatua espero den aurtengo kaiolako berrikuntza bakarra

Baikon Asier Agirrek hartuko du Oinatz Bengoetxearen lekua eta Irribarria kanpoan utzi duen Aspen errioxarrak hartuko du Victorren lekua.

Txapelketaren aurkezpena finala hartuko duen Bizkaia pilotalekuan izan da.
Txapelketaren aurkezpena finala hartuko duen Bizkaia pilotalekuan izan da. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Berrikuntza gutxi ostiral honetan Villabonan hasiko den 2022ko Lau eta Erdiko txapelketan. Izenei dagokionez, debutari bakarra izango da 12 hautatuen artean, bere jokoan azken hilabeteetan aurrera pausu bat emango duen Dario lehen aldiz arituko baita lehen mailako kaiolan. Bizilagun baten lekua hartuko du Ezcaraykoak Victorren ordez sartu baita Aspeko hautatutako seikotean eta iaz aurre kanporaketa batean lehiaketatik at geratu bazen, Iker Irribarria lehiaketatik at geratu izana izan daiteke Eibarkoen arteko beste nobedadea.

Baikori dagokionean, larunbatean aurre kanporaketa gainditu zuen Asier Agirrerena da berrikuntza nagusia. Iruindarrak urriaren 15ean Leitzan bere azken partida jokatuko duen Oinatz Bengoetxearen lekua hartuko du. Aurre-kanporaketan galduta, Joanes Bakaikoa, iazko Promozio mailako txapeldunak ez du lekurik izango aurtengo lehen mailako kaiolan.

Hasiera Villabonan

Gainontzean, txapelketa berrikuntza handirik gabe dator, azken urteetako lehiaketa sistema bera erabiliko baita. Bilbon egindako zozketaren ostean, Danel Elezkano eta Iñaki Artolak zabalduko dute lehia, ostiral honetan Villabonan. Final zortzirenetako beste kanporaketak honakoak izango dira; Urrutikoetxea / Peña eta Jaka /Elordi (larunbatean Zallan)  eta Dario/Agirre (igandean Lekunberrin).

Final laurdenetako ligaxkan zian izango dira iazko lau onenak, A adarrean Jokin Altuna eta Peio Etxeberria eta Laso eta Ezkurdia B-an. Egungo txapeldunak, Jokin Altunak, Gasteizen jokatuko du bere lehen partida Urrutikoetxea/ Peñaren arteko irabazlearen aurka, Peio Etxeberriak Lekunberriko garailea hartuko du, Lasok Villabonako garailearen aurka neurtuko ditu indarrak eta amaitzeko, Ezkurdiak Jaka eta Elordiren arteko garailearen aurka jokatuko du.

Finalerdiak azaroaren 6rako daude iragarriak eta finala, aldiz, azaroaren 20an jokatuko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan. 

 

A) Urrutikoetxea /Peña (Zallan, 8an)-->Altuna (16an Gasteiz)

    Dario/Agirre  (Lekunberrin, 9an)-->Peio Etxeberria (12an Soria)


B) Elezkano / Artola (Villabona, 7an)-->Laso (15ean Labrit)

    Jaka/ Elordi (Zallan, 8an)-->Ezkurdia (14an Beasain)