NAIZ

Guardia Zibilak pertsona bat atxilotu eta AAMren webgunea bertan behera utzi duela salatu dute

Pasa den ostiralean Guardia Zibilak Basauriko bizilagun bat atxilotu eta agindu judizial baten bidez Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren webgunea «eten» zuela salatu du Tinkok.

Tinkok ohar batean salatu duenez, pasa den ostiralean Guardia Zibilak Basauriko bizilagun bat atxilotu zuen eta agindu judizial bidez Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren (AAM) webgunea «eten» zuen. Atxilotuaren etxea miatu egin zuten, iturri horren arabera.

Tinkok elkartasuna adierazi die atxilotutako pertsonari eta AAMri. «Horrelako erasoak ez dira pertsona edo antolakunde jakin batzuen aurkako gertaera errepresibo isolatuak, baizik eta eraso kolektibo baten atarian jartzen gaituzte», nabarmendu du.

Horrekin batera, ohartarazi du «eskubide oinarrizkoenak» direla «jokoan daudenak, hala nola biltzeko, antolatzeko, adierazpenarako eta mobilizatzeko eskubideak».