«Zer da ondo bizitzeko behar duguna, eta esan digutena behar dugula ondo bizitzeko?». Horrelako galdera sakonen ondotik sortzen da elkarrizketa mamitsu bat, hausnarketa propioetatik asko duena, norberaren bizipen zein errealitateetan sustraitzen dena. Kezkak, galderak, ezinegonak, hipotesiak eta iritziak partekatu, intimitateak biluztu eta besteen begietan errekonozitu eta/edo ez.
‘Geruzak’ ikus-entzunezko proiektua moldeak haustera dator, mugarri izatera, zergatik ez, gazteen artean pentsamendu kritikoa eta autonomoa sustatzeko, hezkuntza formala eta teknifikazioa elikatzen diren garaiotan, Humanitateei eskaintzen zaien espazioa txikitzen ari den hauetan. Pentsamendu propioa izateko gaitasunak orduan eta libreagoak egiten gaitu. Hortik egitasmoaren errelebantzia.
Jakin eta Elkarrek eskutik helduta su txikian ondu duten proiektuak, gainera, badu beste ezaugarri inportante bat: euskara. Ezinbestekoa da kalitatezko ikus-entzunezkoak gure hizkuntzan sortzea, euskara bera elikatu eta aberasteko. Ahozkotasuna landu, euskara ahoan eraman.
‘Geruzak’ proiektua astearte honetan aurkeztu dute bi erakundeek, Lakuako Hizkuntza saila bidelagun, Donostiako Koldo Mitxelenea Kulturunean. Helburua gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta, gazteak protagonista egin eta elkarren artean hizketan jartzea da. Horretarako sei ikus-entzunezko sortu dituzte, eta datorren urtea abiatzeko beste hiru dituzte martxan. Horien atzetik beste asko etorriko dira.
«Aspalditik hiru kezka konpartituak genituen –adierazi du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak–. Kultur transmisioa eta belaunaldi berrietara ailegatzeko erronka, pentsamendu, iritzi eta ezagutza kritikoari eskainitako espazioak irekitzea eta euskararen normalizaziorako zentzuz, mamiz betetako egitasmoa plazaratzea».
Hiru kezka partekatuak
Hortik abiatuta, itxialdiaren garaian lanean jarri ziren Elkar eta Jakin. Zer egin hiru kezka horiei erantzuteko? Helburuak eta planteamendua «berehala» izan ziren babestuak eta partekatuak Lakuako Hizkuntza sailaren aldetik.
Argi zuten ikus-entzunezkoak zirela bitartekoa, gure egunerokoa digitala da eta gazteak ere hor mugitzen dira eroso. Eta gazteentzat bazen, gazteekin behar zuen egina, bai ala bai, kontatu du Agirrek.
Hala, Lander Garroren zuzendaritzapean, sei ikus-entzunezko sortu dituzte eta orotara hamar gaztek hartu dute parte «dokumentalak» deitu dituzten horietan. «Zertaz hitz egin nahi dute gazteek?», zen hurrengo galdera. Gai batzuk sustatzaileek proposatu zituzten. Besteak gazteek aukeratu dituzte.
Horien guztien lotura da ’Geruzak’ ataria. Bertan jarriko da sortuko den edukia, baina bi modalitateetan. Publiko orokorrari ez zaio eduki osoari sarbidea emango, nahiz eta asko jarriko den eskuragarri. Ideia zera da, hau lan tresna gisa ikusten duen horri, pasahitz bidez, edukiaren %100a ematea. Izan daitezke eskolak, aisialdi taldeak, bestelako eragileak, hezkuntzari lotutako egitasmoak, udalak… «etekina aterako duenak, praktikan jarriko duenak, gaiak gazteekin lantzeko aukera ikusten duenak izango du guztia eskura», azaldu du Lorea Agirrek.
Gardentasunaz hitz egin kamera aurrean
Ikus-entzunezko bakoitza 20-25 minutukoa da, eta momentuz sei dira landu diren gaiak: desioa, sormena, askatasuna, ongizatea, taldetasuna eta boterea. Ertz ezberdinetatik heldu dira, nork bere ikuspuntutik, aberasgarria izan dadin, kontatu du Alaitz Aizpuru Elkar argitaletxeko ordezkariak.
Hamar parte-hartzaileak Euskal Herriko herrialde ezberdinetakoak dira, eta 18 eta 22 urte artean dituzte. Proiektuan parte hartu aurretik ez zuten elkar ezagutzen eta konfiantza eta giro erosoa sortzen laguntzeko aurretik asteburu bat pasa zuten elkarrekin, kontatu du Aizpuruk.
«Hemendik eskertu behar da zein eskuzabalak izan diren zintzotasunez erantzuteko, agertu duten jarrera irekia, gardena, testigantzak emateko», adierazi du. Ez baita erraza, esan duenez, hiru kameren aurrean gardentasun osoz hitz egiteko prest dagoen jendea topatzea.
Aniztasuna izan dute helburu gazteak aukeratzeko garaian. Errealitate soziolinguistiko ezberdinak dituzte, baita ere testuinguru ekonomiko eta politiko anitzak. «Ez dituzte zer nolako iritziak, aintzak hartzekoak dira esaten dituztenak, mamitsuak dira eta ñabarduraz beteak daude», esan du Elkarreko ordezkariak.
Zentzu horretan, ahozkotasunaren garrantzia goraipatu du Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. «Gazteei entzun behar zaie, eta horretarako hitza eman behar zaie. Ez nuke tutoreen aldetik aitzakiarik entzun nahiko gai hauek ikasgeletan ez lantzeko», eskatu du. Euskarak horrelako espazio bat merezi duela berretsi du.
Aurrez aurreko emanaldiak
Mometuz egin diren sei ikus-entzunezkoez gain, hauek osatzera datoz beste bi atal. Bata Kaierak dira, tematika bakoitzaren lanketarako gidaliburuak edo euskarriak, horietan oinarrituz gaiak praktikan jarri nahi dituen irakasleak, adibidez, bertan topatuko ditu heldulekuak.
Beste atala kultur transmisioaren kezka hori asetzera dator: euskal kulturan erreferentzia diren zenbait egileri ikus-entzunezko gai bakoitzari lotutako izenburuak, abestiak, aipuak edo liburuak aipatzea eskatu zaie. Literatura, musika, artea, bertsolaritza eta dantzan dabiltzan euskal sortzaileek, hala, gure kulturari begira jakintza sortzen dute.
Geruzak.eus atariarekin batera, sare sozialetan ere presente egongo da proiektua eta Yotube, TikTok, Twitter eta Instagramen hedatuko dute edukia. Aurrez aurre ere baieztatu dira hiru data ikus-entzunezkoak publikoarekin partekatzeko. Lehen hitzordua urriaren 19an izango da, Donostiako San Telmo Museoan. Azaroan, data zehazteke, Tuteran aurkeztuko da beste ikus-entzunezko bat eta abenduaren 9an, Azokaren baitan, Irudienean emango da hirugarrena.